Gure seme-alabek guk amestu ere egiten ez ginuzten aukerak dituzte eskola ordutik aparte beren denbora betetzeko. Astean zehar, musika, margoketa, dantza, hizkuntzak edo kirol ezberdinetako jardueratan parte hartzen dute. Oso bizkorrak dira eta beren indar guztiak isurtzen dituzte ekintza horietan . Guk, naturala denez, lehenengo postuetan ikusi nahi ditugu, beren gurasoak gara eta beraientzat hoberena nahi dugu. Kontuz, ez dezagun ahaztu umeak direla eta jolasa dela beren heziketaren tresna garrantzitsuena.
Eskolan ere jolastuz hasten dira lehen ikasgaiak bereganatzen eta konturatzen garenerako handitzen dituzte beren trebetasunak. Eskolaz kanpoko ekintzetan eutsi dezagun bide honi eta gure nahia ez dezagun bihurtu beraientzat halabeharra.
Eta Axular ikastolako web orritik jaso dudan haur kirol ikusleri zuzendutako dekalogo hau kontutan har dezagun gure seme-alabak arestian aipatu ditudan jardunetara bultzatzen ditugunean.
IKUSLE ONAREN DEKALOGOA
1.- Umeek ez dute jolasten jendea entretenitzeko, ezta garaile izateko ere. Umeek ondo pasatzeko eta kirolaren bitartez hezteko jolasten dute. Ez ezazu hori inoiz ahaztu!
2.- Parte hartzaile guztien ahaleginak txalo itzazu. Garrantzitsuenak ez du zertan emaitza izan behar.
3.- Huts egiteagatik ez iezaiezu erriertarik egin, ikasten ari dira eta. Diozun guztia positiboa izan dadila, horixe motibagarriena baita.
4.- Jardueran parte hartzen dutenekin errespetua azaldu (ikasle, entrenatzaile, arbitro zein ikuslegoarekin). Guztiak beharrezkoak dira!
5.- Seguru aski zer egin behar duten jakingo duzu, baina ez itzazu “telebideratu” zer egin behar duten momentu oro esanez. Jardueraz gozatzeko eta erabakiak hartzeko askatasuna eman behar zaie.
6.- Arbitroen erabakiak errespeta itzazu eta anima itzazu umeak gauza bera egitera eta ezarritako araudiaren arabera jokatzera.
7.- Jendeak edota parte hartzaileek sortutako edozein motatako indarkeriari edo jarrera desegokiei uko egiezu.
8.- Jarduerari amaiera emandakoan norberaren hobekuntza eta taldearen baloratu. Ez eman garrantzia emaitzari soilik.
9.- Ikusleek arau hauek betetzeko ahaleginak egin, era horretan jarduera denentzat onuragarriagoa izango delako.
10.- Ez inoiz ere ahaztu zure portaera seme-alabentzako eredua izango dela, ezta benetako protagonistak beraiek direla.
IZABARA GOAZ!!!!!!

Ekainako proposatu genuen irteeran apuntatzeko epea bukatu egin da. Izugarrizko arrakasta izan du eta 107 pertsonak eman du izena parte hartzeko irteera horretan. Ostiral honetan arratsaldeko 7etan geldituta gaude Barrena kultur Etxean bileratxo bat egiteko. Bertan irteerako zerbait aurreratuko dugu eta bidaia planifikatzen hasi beharko dugu denon artean. Egia esan, ez da erraza hainbeste jende mugitzen hastea, eta hasiera batean Echo aldera joatea pentsatu bagenuen ere, toki falta dela eta, Izabako Asolaze Kanpina beteko dugu, izan ere, aterpetxea, bungalow eta gela guztiak alokatuko ditugu. Izaba eta bere ingurua izugarri polita da eta irteerak ederrak ditu; ea aukeratzen ditugunak zuen gustukoak diren. Ostirala arte beraz!
40. urteurrena sasoi onean
Ordiziako Jakintza ikastolako mendi taldeak Aloñara egin genuen 2008ko lehen irteera, urtarrilaren 20an. Haur eta guraso, 70etik gora lagun igo ginen tontorrera, Arantzazutik abiatuta. Aitzgorri mendilerroko ikuspegi ederraz gozatuz, Araotzera jaitsi ginen, handik autobusa hartu eta etxera itzultzeko. Ikastolak 40 urte beteko ditu aurten, eta ospakizunak sasoi onean hasteko aukera ezin hobea izan zen Aloñako irteera, eguraldi zoragarriarekin eta lagun giroan. Hurrengo irteera noiz eta nora izango den galdezka dira haurrak. Segi dezatela horrela, inguruko mendi eta bazterrak gozatuz; eta eman diezaiela Jakintza ikastolak azken 40 urteetan gaztetxo askori eman dien bezalako bizipoza. Ea beste 40 urte betetzen dituen, horren sasoitsu eta sorrerako helburuei gogoz eutsiz!
Pantxike Agirre
IZENAREN ALDAKETA
Ba…ni ere zure alabekin bat nator. Izena sonatu, sonatu, ez dit oso ondo sonatzen, baina tira! izenez kezkatu dena bakarra izan zara eta saria merezi duzu (batez ere ostiralean arkumea nola prestatu zenuen ikusi eta gero). Nire aldetik behintzat onartuta daukazu izen xelebre hori. Zure galderari erantzunez (non sartu zarete?), gaur bertan ateratako argazki batzuk bidaltzen dizkizuet.
Aupa mutilok, zuek ere motxila alde batera utzi eta teklatuari txinpartak ateratzen arituko zaretelakoan, hemen dituzue proposamen batzuk:
- Blogaren izena: Blasek zioen badirela elkarte gehiago izen berarekin (IKASMENDI)
Nik “JAKINSARO” proposatzen dizuet. Ikastolako beste izenekin identifikatzen da (JAKINTZA, JAKINTZAZU, EUSKALJAKINTZA)eta gure mendi eta baserrietako toponimo askotan agerten den “saro - saroi” izenekin. Aproposa iruditzen zait gure artaldearen bilgune bihurtu nahi dugun bazterra bataiatzeko.
Tira, nire alabaren iritziz ez omen du ondo “sonatzen” , baino hitz xelebregoetara ohitu behar izan diagu azken urte hauetan…
- Argazkiak eta postarentzat google kontu berri bat sortu dut: jakinsaro@gmail.com. (Picassara sartzeko ere kontu bera erabili.)
Nire ustez, azkoz hobeto moldatuko gara argazki eta artxiboak toki bakar batetik kudeatuz.
Argazki batzuk igo ditut eta konturatu nahiz ez duela oso erresoluzio handian bidaltzea merezi, toki gehiegi hartzen baitute. Igo aurretik argazkiei ikastolaren logoa itsatsi diet eta erresoluzioa jaitsi. Hala ere, berehala gainezka egingo digulakoan nago, eta agian, zerbait ordainduz zakua handitu beharko dugu. Irteeretan txapela pasatzen hasiko gaituk finantziazioa lortzeko.
- Pirineotara irteera:
Bihar goizean joango nahiz KUTXAra kontu bat irekitzera, eta komeni da bi lagunen izenean jartzea. Baten batek, goizeko zortzi eta erdietan azaltzerik baduzue, kasu egin. (Blas: hirekin pentsatzen ari nauk)
Somatuko duzuenez, ni bero-bero nabil kontu honekin ,(Begoña sutan),eta hoztu baino lehen bidali zuen iritziak eta proposamenak.
Gure ikastola, aspalditik interneteko amaraunean murgilduta dabil. Asko izan dira orain arte gure ikastolatik bultzatu eta aurrera atera diren ekimenak, horietako askok egundoko arrakasta eta komunitatearen aitortza publikoa lortu dutelarik.
Nolanahi ere, orain arte, aurrera atera diren ekimen guztiak ikasle eta irakasleek bultzatutako proiektuen ingurukoak izan dira. Gurasook, orain arte, dinamika horretatik at gelditu gara eta horri amaiera emateko garaia heldu delakoan gaude.
Beharbada, teknologia berrien kontu honetan, gure seme-alabook bezain iaioak ez gara izango, baina guk ere gure ekarpena egin dezakegu eta interesgarria izan daitekeela pentsatzen dugu.
Gure kasuan, ikastolako mendi-irteerak antolatzen dituen taldeko gurasoak garenez, mendizaletasunari buruzko blog bat egitea erabaki dugu. Gure asmoa, irteera horien inguruko oharrak, kronikak, irudiak, bideoak… hemen argitaratzea da. Horretarako, zuen laguntza beharrezkotzat jotzen dugunez, izena emateko aukera zabalik uzten dugu nahi duen orok proiektu honetan parte hartzeko aukera izan dezan.
Izena eman nahi duenak, Erregistratu (beheko menuan agertzen da) izeneko estekan klikatu eta eskatzen diren datuak bete beharko ditu. Hori egin ostean, guk eskakizuna jaso eta izena eman duenarekin harremanetan jarriko gara.
Animatu zaitez eta parte hartu!!!