Hasiera   Nor Gara   Aholkuak   Fitxategiak   Hurrengo Irteera  Argazkiak   Bideoak  Kontaiguzu   Menura jaitsi     feed

jakinsoroizenburu


Igaro den asteburuan Pirinioetara abiatu ginen ekaina bukaeran egingo ditugun txangoaren ibilbideak egitera. Eguraldia lagun izan dugu eta bi irteeren ibilbide guztia bete dugu. Neguan egindako elurteak nabariak dira oraindik eta izugarrizko paraje politak utzi ditu: errekak gainezka, ur jauziak non-nahi, lorez betetako belazeak eta goi aldeetan oraindik elur pila. Joaten garenean oraindik zerbait zapalduko dugu. Acherito lakua oraindik zenbait puntutan izotzaz estalita dago eta goiko mendietako urtutako elurraz bete arren ura ona omen zegoen eta hirukotea sartu egin zen. Ona zegoela! Nik hankak sartu eta sentitu ere ez. En fin…

Eta ibilbideak zer? Ba betikoa, igandetan gurekin etorri zaretenontzat aproposak direla iruditzen zaigu, inongo zailtasun berezirik gabe. Hori bai, ez ahaztu Pirineoak direla eta noski! aldapa gogorrak edota malda kaskarrak ez daude faltan, bati baino gehiagori sufriarazteko, batez ere, beti diogun bezala, mendira joateko ohitura gutxi duzuen horientzat. Hala ere, ez dugu inor larritu nahi, gehiago kostatzen zaionaren pausora egokituko dugulako martxa.

Larunbateko ibilbidea, Acheritokoa, () zegoen bezala mantenduko dugu baino igandekoari aldaketa txiki bat egin diogu, izan ere, Estanes Ibonetik Candanchura doan bidean bi toki nahiko arriskutsuak ikusi ditugu eta ez gara hortik pasako. Beraz, Candanchura igo beharrean, Somportetik hurbil dagoen aparkalekura jaitsiko gara, ibilbideari hiru/lau bat kilometro moztuz. Lastima izan da, benetan ederra delako bertako baso eta errekak igarotzea, zirkoari buelta emanez.

Hechoko kanpinean egon ginen baita ere, eta dena prest utzi dugu. Gosariak eta afariak bi txandatan egingo ditugu eta mendira eramateko ogia bertan eskatuko dugu. Igerilekua irekita egongo da menditik bueltan erlaxatzeko (beste batzuk herrian erlaxatuko gara; bertan dago eta).

Beno, aipatu bezala ibilbideek ez dute aparteko zailtasunik, baino ona izango da urtean zehar hartutako forma ez galtzea. Horretarako eta txangoa ongi prestatzeko gonbidapen batekin gatozkizue: Bedaioko Martxa. Dagoeneko koadrila txiki bat osatu dugu eta nahi duenarentzat irekita dago. 25 kilometroko martxa ekainaren 14an ospatzen da eta Artubi da gailurrik aipagarriena. Hemendik Larrondo, Azkarate, Alegi bidean eta Bedaiora buelta. Iaz parte hartu genuen eta bueltatzeko gelditu ginen. Sei bat orduko ibilbidea luzea iruditu arren, erraz egiten da eta oso ondo dago antolatuta. Beraz, animatu eta joan nahi duzuenok larunbateko festan esan edo Liburutegitik pasa.

Eta ez ahaztu larunbatean, 11:30etan, Herri Kirolak ditugula frontoian. Ea Jakinsarokoen sasoia nabaritzen den…

     Iruzkinik ez  | Logoaren irudia zabaldu |  delicious del.icio.us |  feed RSS 2.0

Herri Urrats, iparraldeko ikastolen festara joateko aitzaki polita izan genuen azkeneko irteeran.
Joxemiel Barandiaranek hainbeste maite zuen Sara herrian, euripean eman genion Senpererako bideari hasiera. Ibilaldia eta goiza aurrera joan ziren heinean hego haizeak aise uxatu zituen lainoak eta azkenean aintzira inguruko haritz zaharren itzalean babestu beharrean izan ginen eguzki astunarengandik ihesi. Bainutxo bat hartzera animatu zirenak ere ikusi genituen. Beraz, festa giro ederrean eman genion bukaera 08-09 ikasturterako mendizaletasuna bultzatzeko prestatu genuen egitasmoari, argazkiak lekuko.
Iazko irailaren hogeita batean Jaizkibel mendian hasi genuen programak, gure inguruetako bazter eta txoko ugari ezagutzeko aukerak eskaini dizkigu ikasle eta guraso askori:
Urriak hamabian Mendukiloko leizean izan ginen, urriak hogeita seian Finalista egunean Orion, azaroak hamaseiean Aratzera igotzen saiatu ginen, azaroak hogeita hamarrean Lizarrustitik Aiara egin genuen, abenduaren hogeita batean Baio mendian, urtarrilak hemezortzian Murumendin, otsailak zortzian Auza Gazteluan, martxoak hogeita bian Ordiziako ibilaldian eta apirilak bostean Udalaitzen. Tartean, martxoaren hasieran, asteburu ahaztu ezina pasa genuen elurretan. Aurten ere aipatu beharrean gaude jendearen parte hartze handia.
Ekainaren azkeneko asteburuan Hechoko bailarara joatekoak gara eta ehun eta hamar lagunentzat ostatua eta garraioa lotuta ditugu. Hamabost egun barru ibilbidea behatzekotan gara, ea ordurako urtzen diren elurrak. Eguna iristen den bitartean zaindu sasoia.

     Iruzkinik ez  | Logoaren irudia zabaldu |  delicious del.icio.us |  feed RSS 2.0

Lehengo igandean ez genuen suerte handirik izan eguraldiarekin, laino itxi batez inguratuta egin baikenuen ia igoera guztia. Eta metro batzuk baino haratago ikusi ezinik, ezin izan genuen Udalaitzeko tontorrak eskaintzen dituen bistaz gozatu. Hala ere, ez pentsa taldearen ohiko umorea eta jolasgura zapuztu zirenik.

Bestalde, ikasturtea azken txanpan sartua dugu eta mendizaletasuna sustatzeko programaren azken atalean gaude. Gure ikastolako lagun ugarik Herri Urratseko festan parte hartzen dugunez, aurten, azken mendi irteera eta Seaskako ikastolen festa uztartzea pentsatu ditugu.

HerriUrrats09
Hasiera batean, festara joan aurretik Aiako Harritik buelta bat egitea deliberatu bagenuen ere, hobeto pentsatu, eta orain Saratik Senpererako bidea oinez egitea erabaki dugu. Aste Santuko jai egunak aprobetxatuz ingurua behatu eta bi herriak lotzen dituen ibilbide zoragarria aurkitu dugu. Lapurdiko landa gozoetan barrena bi ordu eta erdi nahikoak dira zortzi kilometroko bide samur hau egiteko. Arratsaldeko seiak eta erdietarako Ordiziara itzultzeko asmoa dugu, beraz, egun osorako otordua eraman beharko da. Esan beharrik ez dago Herri Urratseko zirkuituan zehar hainbat aukera izango ditugula eztarria busti eta sabela asetzeko.

Maiatzaren 10ean, mendizaletasuna eta euskaltzaletasuna uztartuz gurekin etortzera konbidatu nahi zaituztegu, batez ere orain arte ausartu ez zaretenok, etorkizunera begira gure jarduerak ezagutzeko aukera paregabea izango baituzue eta.

     Iruzkinik ez  | Logoaren irudia zabaldu |  delicious del.icio.us |  feed RSS 2.0

Jakinsaro taldeko mendizaleok Korrikarekin bat egin dugu antolatu diren ekintzetan. Larunbatean, plazan egon ginen materiala saltzen, epaile lanak egiten, bazkarian laguntzen, eta abar. Ostegunean korrika gure herritik pasatzen zela, kilometroa erosi genuen eta zozketan Jone eta Adurri egokitu zitzaien lekukoa eramatea. Eta nola eraman gainera! Eskerrak aurrean zihoan kotxeak abiadura handitu zuela.

Horretaz gain, gure euskararekiko konpromisoa ez dugu bertan utzi nahi eta hurrengo apirilaren 26rako Aiako Harrietara joateko antolatuta genuen txangoa maiatzaren 10erako atzeratu dugu. Egun horretan Herri Urrats ospatzen da Senperen eta joateko asmoa dugu. Plana honako hau izango da: Aurreikusia zegoen bezala, Aiako Harrietako Irumugarrietara joango gara eta gailurrean hamaiketakoa (ezinbestekoa) egin ondoren, autobusez Senperera abiatuko gara. Hemen norberak aukera dezake zer egin: zirkuitua, ekitaldiak ikusi, aintziran bainatu, poteoa…Bertan bazkaldu ondoren, bostak aldera autobusa hartuko dugu etxera bueltatzeko.

Uste dugu plan polita dela, eta bide batez (edo batez ere), Seaskako ikastolei laguntzeko aukera ematen digu. Ea ekainako irteerarako bezala bi autobus betetzen ditugun.

     Iruzkinik ez  | Logoaren irudia zabaldu |  delicious del.icio.us |  feed RSS 2.0

Eguraldi iragarpen txarra eta ordu aldaketaren erruz gaua motzagoa izateak ez gaitu atzeratu gaurko ibilaldian parte hartu dugun mendizaleok. Goizeko zortzi eta erdietan habiatu gara Plazatik bi ikastetxeetako haur eta gurasoek osatutako taldea Mendizale elkartekoen eskutik. Eguraldi ederra lagun, Lazkaomenditik barrena ibili gara Ataungo mugetara iritsiz eta lau ordu eta erdi behar izan ditugu hamabi kilometroko ibilbidea egiteko. Tartean, denbora izan dugu Ordiziako Mendizaleak elkartekoek eskaini diguten hamaiketako goxoa dastatzeko.

Hemendik gure eskerrik beroenak bidali nahi dizkiegu antolatzaileei eta urte askotan jarrai dezatela horrelaxe!

     Iruzkinik ez  | Logoaren irudia zabaldu |  delicious del.icio.us |  feed RSS 2.0

Irteeren ondorengo egunetan zain egoten gara Imanolek plazaratzen dituen bideo lanak ikusteko. Eta berria argitaratzen duen bakoitzean hobetu ezina iruditzen zaigu, “kosta behar zaio beste horrelako bat egitea!” pentsatzen dugu.

Somportekoa ekoiztu berria du eta kontu beretan gaude. Blogaren eskubian zintzilikatu duenari adjektiboak jartzea zuen esku uzten dut.

     (2) Iruzkin  | Logoaren irudia zabaldu |  delicious del.icio.us |  feed RSS 2.0

Urtero, udaberrian sartzean, Ordiziako Mendizaleak elkartekoek gure herriko inguruetan gaztetxoentzako ibilaldia prestatzen dute. Aurtengoa XLIV. izango da, eta gaur bertan ikusi ahal izan ditugu seguruenik guztietan parte hartu duten bi “gaztetxo” aitzurrean ibilbideko lokatzak kentzen, lastima argazki kamera soinean ez izatea, bejondeiela!

ordiziako mendizaleak2

Gurasoak ere gonbidatuta gaude eta kukua ere urruti izango ez dugunez ez da ideia txarra izango bere lehenengo kantua entzuterako poltsikoak beteak izatea.
Eta ibilaldia herrian amaituko dela aprobetxatuz, berrogei bat lagunentzako bazkari bat prestatzeko asmoa dugu. Hori bai, antolakuntza dela eta, zenbat lagun izango garen, bai ibilaldian bai bazkarian, jakin nahi dugu eta eskertuko genizueke ostirala baino lehen Blasi izena ematea.
Bestalde, ekaineko irteeran parte hartu behar duzuenoi gogorazi nahi dizuegu datorren ostiralean arratsaldeko zazpietan Barrena Jauregian elkartuko garela bidaiari buruzko azalpen guztiak emateko.

     Iruzkinik ez  | Logoaren irudia zabaldu |  delicious del.icio.us |  feed RSS 2.0

Aurreko astea luze joan zitzaigun: eski-guneko, aterpeko eta garraio arduradunekin txangoaren azken xehetasunak lotu nahian, batzuk eguraldi iragarpenari begira; besteak, berriz, ze arropa eraman asmatu ezinik edo urduri lehenengo aldiz eskiak janzteko…
Ostiral gauean mezua: Jakan 15cm elur – oskarbi. Eta larunbat goizeko seietan, euri langarretan, ehun lagun baino gehiago elkartu ginen zintzo autobusetara igotzeko. Egunsenti iluna Iruñean, ateri eta bide bazterretan oinezko taldeak erromes Xabierrera. Ledean zerbait beroa hartu eta Esako urtegiaren ertza jarraituz, Aragoi ibarrean barrena galsoroak zuri zeuden ostadarraren azpian. Pirinioetako tontorrak zeruertzean, lainoak eutsi ezinean edo zulatu nahian? Batek daki! Jakan oskarbi zegoen, baina Canfrancdik gora laino, Candanchun eta Somporten, berriz, elurra atertu gabe.
-“Bon jour”, Blasen taldekoak gara, ehun eta hamar sarrera mesedez!
Eskiak nola lotu ere asmatu ezinik, lehenengo “ikastaroa” jaso eta pinudian gora eta behera sakabanatu ginen: haurrak ausart, helduak baldar. Txantxa, eroriko eta jolasen ondoren bazkari legea aterpean egindakoan berriro elurretara indarberriturik itzuli ginen goizean ikasitakoa praktikatzera. Bostetan berriro autobusera igo, aterpean ostatu hartu, arropaz aldatu eta tropelean Jakako alde zaharreko kaleetan zehar ibili ginen ardo batzuk hartuz; umeek bazuten oraindik baloiaren atzetik ibiltzeko kemena. Afal orduan sukaldaria ezinean, azkenean, ordu erdi beranduago denok mahaira, eta guraso batzuk zerbitzari. Hamaika eta erdietarako gautxoriak ere ohera neka-neka eginda.
Igandean esnatu orduko lehioak ireki eta zerua garbi, gosaldu eta berriro elurretara bidean mendi zuriei begira. Eguzki ederra lagun, bezperan baino hobeto moldatu ginen ametsetako inguruetan, guztiak trebe. Arratsaldean etxera, berriro itzultzeko ametsak eginez.

     Iruzkin (1)  | Logoaren irudia zabaldu |  delicious del.icio.us |  feed RSS 2.0

Hurrengo asteburuan, martxoaren 7an eta 8an elurretara goaz! 109 eskiatzaile elkartuko gara Zuhaiztian (Arboledan) goizeko 6etan autobusak hartzeko. Badirudi, bilera baten zain egon zaretela eta guk kale egin dugu. Ez dugu antolatu, lehenengo bilera egin zenetik ez dugulako ezer berririk kontatzeko. Hala ere, bilera hartan banatu genuen paperean, irteeraren zehaztasun guztiak jarriak egon arren, badaezpada ere (eta galduta baduzue) gogoratuko dizkizuegu:
Aipatu bezala, irteera martxoaren 7an, goizeko 6etan Zuhaiztitik egingo dugu. Buelta, martxoaren 8an iluntzean toki berean. Bi egunetako bazkaria eraman behar da, eski-estazioan bazkalduko dugulako, eta goiz irtetzen garenez, bidean ogia erosteko denbora izango dugu, Liedenan adibidez. Aipatu genizuen ere, Somporten kafetegia badagoela eta nahi duenarentzat bazkariak ematen dituztela, nahiz eta guk ez gomendatu. Afaria eta gosaria aterpetxean bertan egingo dugu.
Arroparekin ere zalantzak sortu dira. Ez eraman gehiegi. Eguraldi oso, oso txarra egiten badu ezingo dugu eskiatu (alternatibaren bat badugu), eta eguraldia portatzen bada arropa lodiak soberan izango ditugu iraupen-eskian aritzeko. Mendi irteeratan erabiltzen dugun arropa adibidez nahikoa da, eta ez ahaztu eskularruak, betaurrekoak eta eguzkitako krema. Garrantzitsua da eskiatzeko erabili behar dugun arropa etxetik jantzita eramatea, horrela ez dugu denbora galduko eta mendiko botak bakarrik elur-erraketak jantzi nahi dituenak eraman behar ditu. Azkenik, toallak eta izarak ez dira eraman behar. Bi eta hiru ohetako gelak dira, bakoitza bere bainu gelarekin.
Eskiak, botak eta makilak denontzat prest izango ditugu iristen garenean eta gehiegi ez nahasteko, hamarreko taldeetan sartuko gara guretzako propio utzitako gela batean. Baino honetaz ez kezkatu, dena ongi antolatuta dago eta.
Hau da guztia. Koadrilan elurretan bi egun primeran igarotzea da garrantzitsuena. Askorentzat lehenengo esperientzia izango da eta oroimen polita eramatea espero dugu.
Zalantzak izatekotan, aukera polita duzue iruzkinen bidez estreinatzeko; eta zalantzak ez badituzue ere, irteerari buruzko komentarioak egitea ere eskertuko genizkizueke.

Bestalde, ba dugu ekainean Hecho Bailarara egingo dugun irteeraren data: kurtso bukaera dela, dantzari txikia, eta abar, azkenean 26tik 28ra egingo dugu. Hurrengo astean banatuko ditugu apuntatzeko paperak eta eski irteeran egin dugun eran, bi autobus baino ez dugu jarriko. Zehaztasun gehiago emango dugu baino gogoak pizteko irteerak zeintzuk izango diren aurreratuko dizkizuegu: larunbatean Selva de Oza - Ibon de Acherito eta igandean Lizara aterpetxea - Valle de los Sarrios - Ibon de Estanés - Candanchu. Toki honetan, autobusa zain izango dugu etxera zuzenean itzultzeko.

     (12) Iruzkin  | Logoaren irudia zabaldu |  delicious del.icio.us |  feed RSS 2.0

Eguraldi txarra dela eta, ezin izan dugu Udalaitz mendira joan, eta etxean gelditu ordez, egoerara egokitu gara . Ikasturteko programaren barruan, hurrengo irteera Ausako Gaztelura genuenez, bertara joan eta Udalaitz ordurako uztea erabaki dugu.
Mendizaleontzako inguru aberatsean bizi gara urte sasoiaren arabera erabat aldatzen diren mendiz inguraturik. Eta oso gutxitan izaten dugu gaur bezalako baldintzetan Ausako Gaztelura igotzeko aukera, elurra protagonista dugula, igoera gogor baten ondoren zapaldu baitugu gailurra. Zirraragarria izan da Errekontako lepotik gailurrera bidean, ikastolako mendizaleen errenkada ilaran ikustea.
Eta jaitsiera festa bihurtu da, eromena, salto, korri, irrist eta txilipurdika haur eta helduek amen batean egin dugu Zaldibiaraino bidea.

     Iruzkinik ez  | Logoaren irudia zabaldu |  delicious del.icio.us |  feed RSS 2.0


Basaurako bideoa

Aurreko bideoak

Irteerak

aurreko irteerak
hurrengo irteera
Eguraldia » Ordizian
El Tiempo por Tutiempo.net

Argazkiak Flickr-en


Ikusi mendizaleak


Azken Iruzkinak


Azken mezuak

Fitxategiak: