Urkillaga-Lareo-Lizarraustiko bideoa

Beste behin, ORDIZIAKO MENDIZALEAK elkarteak, haurrentzako antolatu duen ibilaldian parte hartu dugu. Naiz eta eguraldi ederrak lagundu, esan beharra dago aurten oso haur gutxi etorri zaizkigula. Parte hartze eskasiaren errua, bota diezaakegu aurreko egunetan gaurkorako eguraldi kaskarra iragarri izateari, Aste Santuko oporren hasieran egoteari edo urte sasoi honetan haurrak beste ekintza batzuetan parte hartzeari( Eliz ospakizunak, Dantzari txiki egunak eta abar).
Dena den, 40 bat pertsona habiatu gara Ordiziako plazatik goizeko zortzi eta erdietan, Arama, Itsasondo eta Altzagako lurretatik pasatuz bi ordu geroago Baliarraingo San Juan iturrira iritsi gara. Bertan, Mendizale elkartekoek eskaini digun hamaiketako goxoa dastatu ondoren, Bost-Haitzeta eta Abalitatik pasatuz Ordiziara itzuli gara.
Aspaldi erabili gabeko txano eta aterkien beharra izan dugu gaur. Gogotik bota digu euria eta bideak lokaztuak izan ditugu. Hala ere, ez du hotzik egin eta haizea nahiko pakean izan dugu. Mila esker antolatzaileei hamaiketako goxoagatik.
Astelehenean ezabatuko dut albistea, ibilbidearen argazki politekin bete dezazuen. Nik bakarrik argazki bat (Ttutturretik ikusten dena) jendeari hortz luzeak jartzeko. Hor dijoa!
Datorren igandeko ibilaldiak badu aipatzea merezi duen kontu bat:
Ibilbidea hasi eta segituan Amutxateko leize ingurutik pasako gara.
Kobazulo hau SATORRAK espeleologia taldeak aurkitu zuen 1988 urtean. Bertan 6 urte lanean eman eta gero 1995ean galeria handi batekin egin zuten topo eta sorpresa!!…… bertan “kobazuloetako hartzaren” aztarnategi bat aurkitu zuten. 200 hartzen hezurdurak aurkitu zituzten, orain dela 30.000 urte baino zaharragoak eta nahiko egoera onean kontserbaturik. Modu honetako Europako aztarnategi garrantzitsuenetako bat omen da. Paleontología aldetik duen garrantzia dela eta kobazuloaren sarrera itxita dago.
Interesgarria ezta?

Kukuaren kantua entzun baino lehen hasi dira bazterrak loratzen eta ez dakit parte oneko gauza izango den. Ez ote du neguak kuku bat egiteko asmorik? Autobusean denontzako tokirik ez, eta kotxetan joan behar izan genuen batzuek Lizarrustiraino. Asko pozten gaitu azken aldi honetan Ikastolako mendi irteeratan parte hartzen duen jendetza ikusteak. Nahiz eta, buruhauste batzuk ere sortzen dizkigun hainbesteko taldeak gure mendietako bide txurretatik barrena mugitu arazteak. Guk ahalegin handia egiten dugu ibilbidea aukeratzean, denen gogokoa izan dezan. Eta gure mendi bazterrak ezagutuz, kirol pixka bat eginez, ondo pasatzea da gure helburua.
Baina,batzuentzat oso erraza den bidea, besteentzat, berriz, gogorregia da. Badira irteera guztietara etortzen diren haurtxoak eta bizkor asko eta inongo eragozpenik gabe mugitzen direnak. Beraien martxa jarraituko bagenu korrika txikian egin beharko genituzke txangoak. Beste batzuek, berriz, noiz behinka etortzen zaizkigu eta nekez jarraitzen diote tropelari. Baliteke, horregatik-edo bat baino gehiago zapuztu izana eta ez da gehiago gurekin etorri.
Hauetakoa bazara animatu egin nahi zaitut, ez etsi , ohitura falta bat besterik ez da , nahiko izango duzu bi edo hiru irteeretara etortzea taldeari inongo zailtasunik gabe jarraitzeko. Izan ere, uste duzun baino gaitasun handiagoa duzu guk antolatutako ibilaldiak egiteko. Beraz, animatu eta etorri gurekin!
PUTTERRIko mapa

Ekainako proposatu genuen irteeran apuntatzeko epea bukatu egin da. Izugarrizko arrakasta izan du eta 107 pertsonak eman du izena parte hartzeko irteera horretan. Ostiral honetan arratsaldeko 7etan geldituta gaude Barrena kultur Etxean bileratxo bat egiteko. Bertan irteerako zerbait aurreratuko dugu eta bidaia planifikatzen hasi beharko dugu denon artean. Egia esan, ez da erraza hainbeste jende mugitzen hastea, eta hasiera batean Echo aldera joatea pentsatu bagenuen ere, toki falta dela eta, Izabako Asolaze Kanpina beteko dugu, izan ere, aterpetxea, bungalow eta gela guztiak alokatuko ditugu. Izaba eta bere ingurua izugarri polita da eta irteerak ederrak ditu; ea aukeratzen ditugunak zuen gustukoak diren. Ostirala arte beraz!
Ordiziako Jakintza ikastolako mendi taldeak Aloñara egin genuen 2008ko lehen irteera, urtarrilaren 20an. Haur eta guraso, 70etik gora lagun igo ginen tontorrera, Arantzazutik abiatuta. Aitzgorri mendilerroko ikuspegi ederraz gozatuz, Araotzera jaitsi ginen, handik autobusa hartu eta etxera itzultzeko. Ikastolak 40 urte beteko ditu aurten, eta ospakizunak sasoi onean hasteko aukera ezin hobea izan zen Aloñako irteera, eguraldi zoragarriarekin eta lagun giroan. Hurrengo irteera noiz eta nora izango den galdezka dira haurrak. Segi dezatela horrela, inguruko mendi eta bazterrak gozatuz; eta eman diezaiela Jakintza ikastolak azken 40 urteetan gaztetxo askori eman dien bezalako bizipoza. Ea beste 40 urte betetzen dituen, horren sasoitsu eta sorrerako helburuei gogoz eutsiz!
Pantxike Agirre
Hau bai kantera
| Eguraldia » Ordizian |