Hasiera   Nor Gara   Aholkuak   Fitxategiak   Hurrengo Irteera  Argazkiak   Bideoak  Kontaiguzu   Menura jaitsi     feed

jakinsoroizenburu

Nafarroako Ameskoa araneko Barindano herriko lurretan ibili gara gaur, agian, lur-azpian esatea zuzenagoa izango da. Autobusak utzi gaituen lekutik hogei bat minutuko bidea egin behar izan dugu Basauraino, aurrena mendi pista batean eta ondoren ezpal-sasi eta arteez osatutako baso itxi batean zehar. Egia esan, ez zaigu asko kostatu leizearen sarrerara iristea, eta bat baino gehiago aho zabalik gelditu da atari ikusgarria begi aurrean ikusi duenean. Hala ere, ez pentsa inor atzera gelditu denik, guztiak egin baitugu aurrera Itxako errekak milaka urteetan zehar sortutako tunelaren barrena zulo sakon eta izugarri batek bidea oztopatu digun arte. Batek daki, gaur zuloari so gelditu garenetako norbait ausartuko ote den bere ondoa aztertzera etorkizunean. Oraingoz, espeologoek interneten plazaratutako bideoekin konformatu beharko dugu.

     Iruzkinik ez  | Logoaren irudia zabaldu |  delicious del.icio.us |  feed RSS 2.0

Maddik eta Eneritzek lau urte besterik ez dituzte eta gaurkoa izan dute lehenengo irteera. Nola ibili diren ikusita ziur gaude hurrengoan ere gurekin izango ditugula. Gureak baino lurralde epelagotatik etorritako Yaneris eta Yannak ere ez diote muzin egin gure konbiteari eta nekaturik, baino, pozik egin dute “izugarrizko” menditik buelta. Bi hilabete besterik ez dira guregana etorri zirela eta Adarrako baino malda gogorragoetan bizkor hari dira gure bizimodura moldatzen euskara ikasiz.
Bestalde, gaurko ibilaldiko benetako protagonista haizea izan dugu. Inolako errukirik gabe bidali baikaitu tontorretik behera babes bila, hala ere, aukera izan dugu urte sasoi honetako paisaia zoragarriez gozatzeko.

     Iruzkinik ez  | Logoaren irudia zabaldu |  delicious del.icio.us |  feed RSS 2.0


Hemen aldamenean jarri dugu Mendizaletasunari buruzko azken bideoa. Bilduma bat da; azken lauzpabost urteetako mendi irteeretan jasotako hainbat irudik osatzen dute. Euskal Herriko eta Pirinioetako paisaia zoragarriak dira eszenatokia, eta izarrak, berriz, zuek denok. Eta horri euskal artisten musika erantsiz gero, bideoa bakarrik ateratzen da.

Gozatu irudiez, eta hurrengo irteeretarako animatzen segi, ikusi gabekoak ikusiko ditugu eta!


p.d. bainua, masaia eta bazkaria CHAPEAU!! :)

     Iruzkinik ez  | Logoaren irudia zabaldu |  delicious del.icio.us |  feed RSS 2.0

Sakanako zelaietan hotz egiten zuen gu iritsi ginenean eta Nafarroako ikastolen festa prestatzen ari zirenak eguna argitu aurretik nozitzen ari ziren urtaroko lehen izoztea.
Beriaingo maldetara Unanuatik gora abiatu ginen eta ekialdetik ortzia argitzen zioan heinean soroetako izotza ezkutatuz joan zen, soinean genituen txano, eskularru eta berokiekin batera.
Gorritzen hasitako basoak, zeruertz gardena, urdina eta argia nagusi. Horrelakoxea izan zen udazkenak egun horretarako aukeratu zuen jantzia, aproposa bai mendirako bai festarako.
Guk ederki aprobetxatu genuen aukera. Beriaingo magala zeharkatuz hamabiak inguruan iritsi ginen Arruazura, basoko bidezidorrak atzean utzi eta Nafarroa Oinezko zirkuituarekin bat egitera. Han ere gure taldeko gazteenak ederki erakutsi zuten beren trebetasuna hormetan gora.

     Iruzkin (1)  | Logoaren irudia zabaldu |  delicious del.icio.us |  feed RSS 2.0


Eguraldi kaxkarrarekin ekin genion igandean Lekunberriko irteerari. Irten baino lehen, aukera batzuk aztertu ondoren, Lizarrustitik Guardaetxera, Lareo eta Igaratzaren arteko basoaren barrena joatea erabaki genuen. Hemendik Lekunberrira kotxez joan ginen. Eguraldi txarra bai, baino basoan zehar babesean ibili ginen eta ondo egin genuen ibilbidea, gainera, ia bilatu gabe onddoak aurkitzen genituen txoko guztietatik. Kanpinean garbitu ondoren, bertako sukaldean prestatu zituzten gero afari ederra egiteko. Ohera joateko garaian “juerga” pixka bat bota genuen (txiki hauek ez dira sekula nekatzen) eta hurrengo goizean, gosaltzen ari ginen bitartean, plana berri bat prestatu genuen; eta baita asmatu ere. Izan ere, mendiz inguratutako soroz eta zelaiez osatuta dagoen Ollarango Bailararen edertasunak zur eta lur utzi gintuen. Bertan,
Artetako Gatzagak, iturburua eta lur azpiko urak interpretazio zentroa bisitatu genituen. Udaberrian mendi irteera antolatzekotan gelditu ginen, garai horretan ur gehiagorekin, iturburua eta ur-jauziak politagoak egongo direlako. Nahiko denbora eskasarekin bazkaltzera joan ginen Ollo herriko Guresustraiak aterpetxera (oraingo honetan perretxikorik gabe baino bapo bazkalduta ere).
Kronika eta argazkien arabera mendira joatea baino, irteera gastronomikoa egin dugula dirudi arren, ondo ibili gara bietan. Errepikatzeko modukoa.
Eta ez ahaztu Nafarroa oinez dugula hurrengo irteera. Autobusarekin hurbilduko gara 5/6 kilometrotara, hemendik 9 kilometroko zirkuitua hartzeko. Igandera arte beraz.

     Iruzkinik ez  | Logoaren irudia zabaldu |  delicious del.icio.us |  feed RSS 2.0

<

Ondo hasi dugu ikasturte berria, gure gaztetxo “beteranoek” ez dute indar izpirik ere galdu udaran, Marino Lejarreta bera ere atzean utzi baitute.
Aurreko egunetako eguraldia ikusita, jende asko atzeratuko zela espero genuen, baina ez da horrela izan, gaixotu diren bakan batzuk gelditu baitzaizkigu etxean. Azkenean, xirak eta aterkiak alferrik izan ditugu ateri izan baitugu ibilaldiaren hamabi kilometroen zehar.
Bestalde, aurpegi berriak ere ikusi ditugu taldean eta asko poztu gara mendian nola ibili diren ikusita. Ea hurrengoan ere gurekin izaten ditugun.

muxuak


Eta gaurko “segadan” parte hartu duzuenok jakin ezazue zuekin ematen ditugun momentuak direla guretzako saririk goxoenak.
MILA ESKER eta beste MILA MUXU seion partetik.

     Iruzkin (1)  | Logoaren irudia zabaldu |  delicious del.icio.us |  feed RSS 2.0

Bi egunetan ehun lagunetik gora elkarrekin ibili gara Huescako Pirinioetan zehar. Zaharrenek mende erdia soinean eta gazteenek eskutxo bateko hatzak nahikoa zituzten urteak kontatzeko. Larunbatean eta igandean egindako hogeita hamabi kilometroak ez ziren luzera berekoak suertatu guztientzat, horrelakoetan, ageri gelditzen baitira urtean zehar egindako “lanen ” fruituak. Dena den, eta ados egongo zarete nirekin, esperientzia honetatik jaso dugunak aise ordaintzen ditu gure nekeak.
Eguraldi ederra lagun, argazkietan ikusten diren paraje ikusgarrietan barrena eman genituen gure pausoak.
Lehenengo egunean Acheritoko aintziran izan ginen eta bertan igeri egiteko aukera ez genuen alperrik galdu. Batzuk Larralleko tontorra ere zapaldu zuten.
Bigarrenean, Lizaratik Somporterako bidea egin genuen, aspaldiko glaziarrek zizelkatutako aranetatik barrena. Zoragarria benetan “El Valle de los Sarrios” deituriko ingurua. Ikusgarriak elurtutako amildegietan sarrioen lasterketak eta jolasak. Estanes aintziran atseden hartu genuen eta bezperan baino jende gehiago ausartu ginen ur hotzetan sartzera.
Emozioak ez genituen mendian bakarrik bizi, probatu bestela “La Boca del Infierno” eta Lizarako aterperako bidea autobusean egiten. Txapela kentzeko moduko lana egin zuten Goierrialdeako gidariek.
Eta ezin bukatu gure petrikilo ofiziala bihurtu den Koro Aranetaren lana goraipatu gabe, batek baino gehiagok izan baitzuten bere trebetasunaren beharra.

     Iruzkin (1)  | Logoaren irudia zabaldu |  delicious del.icio.us |  feed RSS 2.0

Herri Urrats, iparraldeko ikastolen festara joateko aitzaki polita izan genuen azkeneko irteeran.
Joxemiel Barandiaranek hainbeste maite zuen Sara herrian, euripean eman genion Senpererako bideari hasiera. Ibilaldia eta goiza aurrera joan ziren heinean hego haizeak aise uxatu zituen lainoak eta azkenean aintzira inguruko haritz zaharren itzalean babestu beharrean izan ginen eguzki astunarengandik ihesi. Bainutxo bat hartzera animatu zirenak ere ikusi genituen. Beraz, festa giro ederrean eman genion bukaera 08-09 ikasturterako mendizaletasuna bultzatzeko prestatu genuen egitasmoari, argazkiak lekuko.
Iazko irailaren hogeita batean Jaizkibel mendian hasi genuen programak, gure inguruetako bazter eta txoko ugari ezagutzeko aukerak eskaini dizkigu ikasle eta guraso askori:
Urriak hamabian Mendukiloko leizean izan ginen, urriak hogeita seian Finalista egunean Orion, azaroak hamaseiean Aratzera igotzen saiatu ginen, azaroak hogeita hamarrean Lizarrustitik Aiara egin genuen, abenduaren hogeita batean Baio mendian, urtarrilak hemezortzian Murumendin, otsailak zortzian Auza Gazteluan, martxoak hogeita bian Ordiziako ibilaldian eta apirilak bostean Udalaitzen. Tartean, martxoaren hasieran, asteburu ahaztu ezina pasa genuen elurretan. Aurten ere aipatu beharrean gaude jendearen parte hartze handia.
Ekainaren azkeneko asteburuan Hechoko bailarara joatekoak gara eta ehun eta hamar lagunentzat ostatua eta garraioa lotuta ditugu. Hamabost egun barru ibilbidea behatzekotan gara, ea ordurako urtzen diren elurrak. Eguna iristen den bitartean zaindu sasoia.

     Iruzkinik ez  | Logoaren irudia zabaldu |  delicious del.icio.us |  feed RSS 2.0

Lehengo igandean ez genuen suerte handirik izan eguraldiarekin, laino itxi batez inguratuta egin baikenuen ia igoera guztia. Eta metro batzuk baino haratago ikusi ezinik, ezin izan genuen Udalaitzeko tontorrak eskaintzen dituen bistaz gozatu. Hala ere, ez pentsa taldearen ohiko umorea eta jolasgura zapuztu zirenik.

Bestalde, ikasturtea azken txanpan sartua dugu eta mendizaletasuna sustatzeko programaren azken atalean gaude. Gure ikastolako lagun ugarik Herri Urratseko festan parte hartzen dugunez, aurten, azken mendi irteera eta Seaskako ikastolen festa uztartzea pentsatu ditugu.

HerriUrrats09
Hasiera batean, festara joan aurretik Aiako Harritik buelta bat egitea deliberatu bagenuen ere, hobeto pentsatu, eta orain Saratik Senpererako bidea oinez egitea erabaki dugu. Aste Santuko jai egunak aprobetxatuz ingurua behatu eta bi herriak lotzen dituen ibilbide zoragarria aurkitu dugu. Lapurdiko landa gozoetan barrena bi ordu eta erdi nahikoak dira zortzi kilometroko bide samur hau egiteko. Arratsaldeko seiak eta erdietarako Ordiziara itzultzeko asmoa dugu, beraz, egun osorako otordua eraman beharko da. Esan beharrik ez dago Herri Urratseko zirkuituan zehar hainbat aukera izango ditugula eztarria busti eta sabela asetzeko.

Maiatzaren 10ean, mendizaletasuna eta euskaltzaletasuna uztartuz gurekin etortzera konbidatu nahi zaituztegu, batez ere orain arte ausartu ez zaretenok, etorkizunera begira gure jarduerak ezagutzeko aukera paregabea izango baituzue eta.

     Iruzkinik ez  | Logoaren irudia zabaldu |  delicious del.icio.us |  feed RSS 2.0

Urtero, udaberrian sartzean, Ordiziako Mendizaleak elkartekoek gure herriko inguruetan gaztetxoentzako ibilaldia prestatzen dute. Aurtengoa XLIV. izango da, eta gaur bertan ikusi ahal izan ditugu seguruenik guztietan parte hartu duten bi “gaztetxo” aitzurrean ibilbideko lokatzak kentzen, lastima argazki kamera soinean ez izatea, bejondeiela!

ordiziako mendizaleak2

Gurasoak ere gonbidatuta gaude eta kukua ere urruti izango ez dugunez ez da ideia txarra izango bere lehenengo kantua entzuterako poltsikoak beteak izatea.
Eta ibilaldia herrian amaituko dela aprobetxatuz, berrogei bat lagunentzako bazkari bat prestatzeko asmoa dugu. Hori bai, antolakuntza dela eta, zenbat lagun izango garen, bai ibilaldian bai bazkarian, jakin nahi dugu eta eskertuko genizueke ostirala baino lehen Blasi izena ematea.
Bestalde, ekaineko irteeran parte hartu behar duzuenoi gogorazi nahi dizuegu datorren ostiralean arratsaldeko zazpietan Barrena Jauregian elkartuko garela bidaiari buruzko azalpen guztiak emateko.

     Iruzkinik ez  | Logoaren irudia zabaldu |  delicious del.icio.us |  feed RSS 2.0


JAKINTZA ikastola mendizaletasuna lantzen

Aurreko bideoak

Irteerak

aurreko irteerak
hurrengo irteera
Eguraldia » Ordizian
El Tiempo por Tutiempo.net

Argazkiak Flickr-en


Ikusi mendizaleak


Azken Iruzkinak


Azken mezuak

Fitxategiak: