Joan den aste bukaeran burutu genuen hainbeste denboran zain egon garen irteera. Azken egunera iritsi arte eguraldiak nahiko kezka eragin zizkigun, baina zorionez bikain portatu zitzaigun. Larunbatean, denok igo ginen Kartxelara, batzuek erraz eta beste batzuek ez hain erraz, baina tontorrean guztien aurpegietan poza besterik ez genuen ikusi. Aurreikusia genuen bezala, igandean lortu genuen Arlas mendira igotzea. Askorentzat lehenengo 2.000koa zen eta bezperan bezalaxe gailurrera iristean berehala ahaztu zitzaizkigun igoerako nekeak.
Garaiz itzuli ginen San Martinera eta bazkaldu ondoren, Burgin, Eska ibaian bainutxo bat hartzeko astia ere izan genuen. Ondoren, etxerako bidean, Arbaiungo arroilan bisitan izan ginen.
Hiru egunetan bizi izan dugun giroa azpimarratu nahi nuke, eta ez naiz eguraldiaz ari, talde barneko harremanaz baizik. Oso momentu politak bizi izan ditugu elkarrekin eta hurrengo txangoarekin amesten hasiak gara dagoeneko.
KARTXELAKO MAPA

Hurrengo ostiralean, hilaren 13an, Barrena Kultur Etxean, bilera antolatu dugu arratsaldeko 8etan. Gai batzuk ditugu jorratzeko eta aproposa iruditu zaigu bilera antolatzea zenbait gauza adosteko.
Taldeak eginda daude, eta gelditu diren bezala banatuko ditugu. Gelditzen den astean zehar norbaitek aldaketak egin nahi baditu denbora soberan dauka egiteko. Kanpinera ailegatzen garenean dena erabat antolatuta egon behar da gauzak ez nahasteko. Asko gara eta.
Bilera ere aprobetxatuko dugu, zer eraman behar den aholkatzeko. Izan ere, batzuk etorri dira galdezka eta zerrenda prestatzen ari gara. Ezin ahaztekoa da bi egunetan mendian bertan bazkalduko dugula eta bakoitzak berea eraman behar du. Kanpinen erosteko ere aukera egongo da (ogia eta abar). Gosariak eta afariak kanpinen egingo ditugu. Lo-zakuak ez dira eraman behar denontzako izarak hartu ditugulako. Eguraldia aldakorra dagoenez, babes-arropa eramatea aholkatzen dizuegu. Ibilbidean ur gutxi aurkituko dugu, beraz kantinploraz ondo hornitu. Botak, zapatilak, txanglak, toailak,…beno bileran elkar ikusiko dugu eta denon artean zerrenda osatuko dugu.
Laburrean:
Irteera: ostiralean, 20an, arratsaldeko 6etan Arboledatik.
Buelta: igandean, 22an, gaueko 9ak aldera Arboledan.
Larunbatean Kartxela mendira joango gara egun pasa.
Igandean Arlas mendia igoko dugu. Mendi honek 2000 metro dituenez, lehenengo aldiz altuera hori lortzen duzuenok ez ahaztu txanpan botila eramatea, ohiturak agintzen duen legez.
Bi irteera horiek eguraldi ona badugu egingo ditugu, bestela alternatiba bezala, beste ibilbidea prestatu dugu: kanpin bertatik Zurizara eta hortik Linza mendi-aterpera.
Jakintza Ikastolako Mendi Taldea
Gure inguruan aukera paregabea dugu mendizaletasunaz gozatzeko. Etxe ataritik hasi ditzakegu hainbat txango, edo, ikaragarri zabal dezakegu esparrua kotxez kilometro batzuk eginez. Geroz eta jende gehiago gabiltza mendian, jaiki, Jaka aldean gosaldu, Pirinioetako tontor batera igo eta afaltzera etxera itzultzeko ere gauza gara. Erlojuaren menpe, inguruari erreparatu ere egin gabe eta diosala bat eskaintzeko denborarik ere ez duten “Abiadura Handiko Mendizaleak” geroz eta ugariagoak dira.
Gazteagoak ginela, hala moduz moldatu behar izaten genuen etxe ingurutik urruntzeko. Igande goizetan, Fray Andresen estatuaren parean, autobusa hartzen genuen Larraitzera igotzeko, eta itzultzeko berriz, ez genuen arazorik izaten, ongi funtzionatzen baitzuen hatza erakusteak. Zegamako Ortzautera trenez joaten ginen, San Adrianetik Aratz edo Aizkorrira igotzeko. Lizarrustiko Isabel bentan zenbat mus partida jokatu ote genituen La Estellesaren zain?
Gaur egun, kotxea erosoa suertatzen zaigu edozein tokira iristeko, baina, bere morroi ere bihurtzen gaitu, utzitako tokira itzultzera behartzen baikaitu. Garraio publikoa erabiltzeak ibilaldiak toki batean hasi eta beste batean bukatzeko aukera ematen digu.
Aukera honetaz baliatuz, goiz batean burutu dezakegun Lizarrustitik Amezketarainoko ibilaldia proposatu nahi dizuet. Aralarko tontor batera edo bestera igotzeko, edo, patxadan eta presarik gabe inguruaz gozatzeko aprobetxatzen baduzue, egun osora ere luzatu dezakezue.
La Estellesako autobusaz baliatuko gara Lizarrustira joateko, eta Amezketatik Alegiara edo Tolosara LURRALDEBUSeko autobusak eramango gaitu, bertatik RENFEren trenaz etxera itzultzeko. Horrela esanda, dezenteko saltsa dirudi, baina, nik azkenekoz itzuli hau egin nuenean, arratsaldeko 3:30etan etxean nengoen, lasai asko eta presarik gabe ibilita.
La Estellesa goizeko 8ak aldera Donostiatik irten eta herriz herri geldialdiak eginez, Lizarrarainoko bidea egiten du Lizarrustitik igaroz. Bada ez bada, aurretik ziurtatu ordutegiak.
Ordiziako Garagartza plazako geltokian 8:45 inguruan izango dugu eta ordu erdi bat beranduago Lizarrustiko Isabel Benta zegoen tokian utziko gaitu.
- 9:15 -0:0 - Lizarrusti- Etxarrira doan errepidea jarraitu behar dugu , garai bateko Qifosa fabrika pasatu eta 200 bat metrotara, errepidean ezkerraldean ipar aldera jotzen duen pistara iritsi arte. alt. 569m)
- 9:30 -0:15 - Pista jarraituz fabrikaren gainetik pasako gara langa batera iritsiz eta hemendik aurrera aldapa gogortu egiten da basoan barrena altura irabaziz. Laster, mendebaldera begiratuz Aizkorri eta Aratz ikusiko ditugu eta ipar aldera Aralarko tontorrak.
- 10:15 -0:45 – Beste langa bat pasa ondoren pista bitan banatzen da eta eskuinekoa hartuko dugu .
- 10:30 -1:00 – Bidegurutze batera iristean ezkerreko bidea jarraitu. Putterrira igotzeko aprobetxatu nahi izanez gero, eskuineko bideak 20 bat minututan jarriko gaitu puntan eta gero Kalelantegiko lepoan Igaratzako bidearekin bat egingo dugu.
- 10:36 -1:06 – Bidearen azpialdean 30 bat metrora Etaioko iturria dago.
- 10:45 -1:15 - Kalelantegiko lepoa ( alt.1195m.) Ipar-Ekialdera jarraituz laster aterako gara basotik eta aurrean azalduko zaizkigu Errenaga mendia eta Aralarko puntak; Intzako Dorrea edo Irumugarrieta , Aldaon, Pardarri, Ganboa, eta Uarrain. Lurreko arrastoak jarraituz Larretxiki eta Urrustatsoko txabola erorien arteko harratea pasatuz, Saltamuinoko lepotik basoan berriro sartuko gara.
- 11:10 -1:40 – Errenagako txabolak.(alt. 1201m.) Ermita bat eta lau aterpe daude. Hauetako bat librea da; txikia eta txukun egoten da. Aralarko Adiskideak ere badute berea eta beste biak (porlanezko eraikuntza itsusiak) gehienetan itxiak egoten dira. Iturri bat ere badago. Atsedena hartu ondoren, txaboletara datorren pista jarraituko dugu ipar aldera ordeka handi baten barrena.


- 11:25 -1:55 – Igaratza (alt. 1191 m.)Inguruan, megalito ugari daude eta Aralarko Adiskideak jarritako leku-adierazle bat bide erdian. Nahi izanez gero, hemendik erraz igo dezakegu Irumugarrietara, Aldaonera edo Pardarrira. Igaratzako harratea pasa ondoren, paisaia erabateko “alpinoa” bihurtuko zaigu. Galtzeko beldurrik gabe errekaren paren doan bideari jarraitu besterik ez dugu.
Kristo aurreko 80.000 eta 8.000 urteak bitartean iraun zuen Würm glaziar aroan, Aralarko tontorrak urte osoan elurrez estaliak zeuden. Urteak joan eta urteak etorri Aldaon (1.410 m.), Intzako Dorrea (1.430 m.), Pardarri (1.395 m.) eta Ganboko (1412 m.) magaletan pilatutako elurrek, 4 edo 5 kilometroko luzera eta 100 eta 200 metro arteko zabalera zuen glaziarra elikatzen zutela uste dute geologoek, Igaratza inguruan hasi eta ia Amezketa iritsiz. Izotzak urtu ziren, baina, urak poliki-poliki arana sakontzen jarraitzen du.
- 12:30 -3:00 - Izotzak eta urak sortutakoak ez diren orbanak ere baditu Arritzagako ibarrak : XVIII. mendearen hasieran, Buruntzusin inguruan, gizakia mendia zulatzen hasi zen. Berrehun lagun baino gehiagok lan egiten zuten zink, berun eta batez ere kobre bila, 1904an mehatzeak itxi zituzten arte.
1940an, alemanak, berriro martxan jarri zituzten minak eta haiek alde egin zutenean, minerala jaisteko funikularraren altzairuzko sokak, gurpilak eta makinak herdoilaren bazka bihurtu ziren eta minatako langileak erabilitako barrakoiak orain artzain txabolak dira.
Minak atzean utziko ditugu eta berehala bidea trakestuko zaigu Aitzelo ( alt. 813 m.) parajean. Elurrak urtu edo eurite handi baten ondoren urak hazten direnean jauzi ikusgarriak sortzen ditu errekak, eta zaila egiten zaigu etxetik hain gertu gaudenik pentsatzea.
- 13:00 -3:30 – Anduitzeko borda alboan utziz, izen bereko harkaitzaren azpian pasako gara.
- 13:15 -3:45 – Egurrezko zubi gainetik errekaren beste aldera pasatuz pista batekin topo egingo dugu. Hemendik aurrera pista beherantz jarraitu beharko dugu Amezketara iristeko.
Pistak gogoko ez baditugu, zubitik berrehun bat metrotara eta bidearen eskuinean dagoen borda baten azpialdean hasten den harbide zahar bat jarraitu dezakegu. Ez dago markatuta, lokatza eta sasiren bat ere izango dugu bidean, baina senari jarraituz laster pasako gara Pernandoren jaiotetxearen ataritik, eta ordurako Amezketa begi bistan izango dugu.
- 13:45 -4:15 – Amezketa.
Ibilaldi honetaz gozatzeko aukeratu ezazue eguraldi oneko egun bat eta noski zalantzaren bat baduzue idatzi eta gustura emango dizkizuet argibideak.
Urtean zehar irteeretan parte hartu dugun batzuen artean, beste irteera bat antolatu dugu programatik kanpo. Jadanik sei kotxe bete ditugu eta ostiral honetan apuntatzeko epea itxiko dugu.
Irteera maiatzaren 18an izango da, eguraldiak laguntzen badigu. Ekainako irteera prestatzeko primerakoa.
Informazio gehiago Jentilak prestatu zuen Hurrengo Irteera ataleko estekan.

Ezin gainditu. Honekin inork ezin du. Aurreko jende multzoan erreparatzen baduzue, behera doazela konturatuko zarete. Hau ordea ez, honek buelta emateko beti prest, aurrera, atzera… nekaezina. Txaloak merezi ditu. Gero, ondo merezitako saria jaso zuen elkartean.
Esploratzaile taldea abiatu ginen tokia eta ingurua bertatik bertara ezagutzeko asmoarekin. Asmoa diot, egin nahi genuen ibilbidea oinezkoentzat itxita zegoelako. Betidanik Arlas Mendira joateko izan den bidea moztuta zegoen iraupen-eskian aritzeko. Sarreran zegoen zaintzaileari behin eta berriz izkinatik joango ginela pista zapaldu gabe esan eta ziurtatu arren, ez zigun utzi eta buelta eman behar izan genuen. Egia esan ez genuen eztabaidatzeko gogo handirik. Lotsagarria!
Mendiak aukeratzeko garaian izugarrizko aukerak badira ere, asmatzea egokienekin zailagoa dela iruditzen zaigu. Gehienok hemengo irteerengatik elkar ezagutzen dugu eta horren arabera prestatzen ari gara ibilbideak. Badakizue larunbatean egun osoko ibilbidea prestatzen ari garela eta iganderako egun erdikoa bakarrik. Eguraldi txarra tokatzen bazaigu alternatiba batzuk ere bilatzen ari gara eta edozein modutan ere ez gara kanpinetik atera gabe geldituko.
Irteeraz aparte egonaldia ere antolatu beharra dago eta horretarako kanpinera joan ginen bazkaltzera. Aterpeak bosteko bost gela ditu eta beste bost zortzikoa, azken hauek lauko gelatan banatuak. Aparte gelditzen dira bungalows-ak.
Jendea kokatzen hasi gara eta ez dugu uste arazorik izango denik. Hori bai, , jendea kokatzeko garaian antolatzen laguntzeko, nahi duenak taldetxoak egin ditzake. Askotan umeek umeekin egon nahi dute eta gu familiaka ari gara tokiak banatzen. Joan aurretik antolaketak itxita egon behar du eta behin ailegatu ondoren ezingo da aldatu.
Azkenik, afaltzeko menua aukeratu behar da. Hainbeste jendearentzat (bi tandatan afaldu behar dugu) ezin dute lau edo bost plater aukeran jarri. Zerbait aurreratu genuen, baino honetan ere, irekita gaude sujerentziak jasotzeko. Ea denon artean, denon gustuko gauzak ateratzen zaizkigun. Denon artean errazagoa da, izan ere, nahiko ondo moldatzen gara mendi-irteerak antolatzen (eta ondoko bazkariak) baina beste ekintza honek goi mailakoa da eta ez dakit asmatuko dugun.
Benga jende! animatu eta eman kaña blog honetan. Sartu garen kakao honen antolaketan parte hartu, iritziak eman eta jasotzen ditugun iradokizun guztiak kontuan hartuko ditugu. Horretarako badakizue, “Iruzkin” jartzen duen lekuan klikatu, izena jarri (ezizenak ere balio du), idatzi eta azaltzen diren zenbakiak idatzi beraien ondoko laukizuzenean eta zast! Bidali.
Bitartean Jentilak ateratako argazki eder batzuk eskegi ditut. Politak benetan!
Beste behin, ORDIZIAKO MENDIZALEAK elkarteak, haurrentzako antolatu duen ibilaldian parte hartu dugu. Naiz eta eguraldi ederrak lagundu, esan beharra dago aurten oso haur gutxi etorri zaizkigula. Parte hartze eskasiaren errua, bota diezaakegu aurreko egunetan gaurkorako eguraldi kaskarra iragarri izateari, Aste Santuko oporren hasieran egoteari edo urte sasoi honetan haurrak beste ekintza batzuetan parte hartzeari( Eliz ospakizunak, Dantzari txiki egunak eta abar).
Dena den, 40 bat pertsona habiatu gara Ordiziako plazatik goizeko zortzi eta erdietan, Arama, Itsasondo eta Altzagako lurretatik pasatuz bi ordu geroago Baliarraingo San Juan iturrira iritsi gara. Bertan, Mendizale elkartekoek eskaini digun hamaiketako goxoa dastatu ondoren, Bost-Haitzeta eta Abalitatik pasatuz Ordiziara itzuli gara.