Sakanako zelaietan hotz egiten zuen gu iritsi ginenean eta Nafarroako ikastolen festa prestatzen ari zirenak eguna argitu aurretik nozitzen ari ziren urtaroko lehen izoztea.
Beriaingo maldetara Unanuatik gora abiatu ginen eta ekialdetik ortzia argitzen zioan heinean soroetako izotza ezkutatuz joan zen, soinean genituen txano, eskularru eta berokiekin batera.
Gorritzen hasitako basoak, zeruertz gardena, urdina eta argia nagusi. Horrelakoxea izan zen udazkenak egun horretarako aukeratu zuen jantzia, aproposa bai mendirako bai festarako.
Guk ederki aprobetxatu genuen aukera. Beriaingo magala zeharkatuz hamabiak inguruan iritsi ginen Arruazura, basoko bidezidorrak atzean utzi eta Nafarroa Oinezko zirkuituarekin bat egitera. Han ere gure taldeko gazteenak ederki erakutsi zuten beren trebetasuna hormetan gora.
Eguraldi kaxkarrarekin ekin genion igandean Lekunberriko irteerari. Irten baino lehen, aukera batzuk aztertu ondoren, Lizarrustitik Guardaetxera, Lareo eta Igaratzaren arteko basoaren barrena joatea erabaki genuen. Hemendik Lekunberrira kotxez joan ginen. Eguraldi txarra bai, baino basoan zehar babesean ibili ginen eta ondo egin genuen ibilbidea, gainera, ia bilatu gabe onddoak aurkitzen genituen txoko guztietatik. Kanpinean garbitu ondoren, bertako sukaldean prestatu zituzten gero afari ederra egiteko. Ohera joateko garaian “juerga” pixka bat bota genuen (txiki hauek ez dira sekula nekatzen) eta hurrengo goizean, gosaltzen ari ginen bitartean, plana berri bat prestatu genuen; eta baita asmatu ere. Izan ere, mendiz inguratutako soroz eta zelaiez osatuta dagoen Ollarango Bailararen edertasunak zur eta lur utzi gintuen. Bertan,
Artetako Gatzagak, iturburua eta lur azpiko urak interpretazio zentroa bisitatu genituen. Udaberrian mendi irteera antolatzekotan gelditu ginen, garai horretan ur gehiagorekin, iturburua eta ur-jauziak politagoak egongo direlako. Nahiko denbora eskasarekin bazkaltzera joan ginen Ollo herriko Guresustraiak aterpetxera (oraingo honetan perretxikorik gabe baino bapo bazkalduta ere).
Kronika eta argazkien arabera mendira joatea baino, irteera gastronomikoa egin dugula dirudi arren, ondo ibili gara bietan. Errepikatzeko modukoa.
Eta ez ahaztu Nafarroa oinez dugula hurrengo irteera. Autobusarekin hurbilduko gara 5/6 kilometrotara, hemendik 9 kilometroko zirkuitua hartzeko. Igandera arte beraz.