Oporretako azken kartutxoak ia erreak ditugun honetan, indarberriturik ikastolako mendizaleok gogoz eta ilusioz ekin nahi diogu ikasturte berriari.
Lagun eta familia giroan, hain gogokoa dugun kirola praktikatzera konbidatu nahi zaituztegu.
Horretarako, jadanik, prest daukagu datorren kurtsorako egitasmoa.

Urtero, egitasmo berria taxutzerakoan garbi izaten dugu zein izango diren gure helburuak: gure inguru aberatsa ezagutuz pixkanaka gure gorputzak hezi eta indartzea eta pertsona desberdinen arteko harremanaz eta inguruarekiko begiruneaz geure buruak janztea.

Adin desberdinetako pertsonak izaten ditugu gurekin, lau urtekoak eta jubilatuak barne, eta esparru zabal horren barruan oso gaitasun fisiko desberdinak dituztenak etortzen dira.
Guztiak kontutan harturik, lehenengo txangoak errazagoak izango dira, denbora aurrera dioan heinean zailtasuna handituko dugu ikasturtea amaitzerako erronka handiagoei aurre egin ahal izateko fondo apur bat hartzeko.
Mendian ibiltzeko ohiturarik ez duzuenoi hasieran gehixeago kostatuko zaizue, baina maiztasunari eutsiz konturatu gabe egokituko zarete, maiztasuna eta baikortasuna baitira kirol honen gakoak.
Eguraldiak ere baduelako zeresana kontu hauetan, beti izaten dugu beste aukeraren bat gorderik gaiztotzen zaigunerako.

Eta hauxe da gure programa:

  • Irailak 20: Ernio
  • Urriak 18: Etxarrin egingo den Nafarroa Oinezera mendiz joango gara Lizarrustitik edo Altsasuatik habiatuta.
  • Azaroak 8: Adarra edo Basaurako leizea aukeran.
  • Abenduak 13: Erlo
  • Urtarrilak 24: Uztegitik Amezketara.
  • Otsailak 7: Olano
  • Martxoak 14: Ibilaldi neurtua Seguran.
  • Martxoak 28: Ordiziako ibilaldia.
  • Apirilak 11: Beriain.
  • Maiatzak 2: Arantzazu-Urbia inguruan ibilaldi bat.

Oraindik egunak zehaztu gabe ditugu elurretara otsailean egingo dugun txangorako, baita ekainean Pirinioetara egingo dugunerako ere.
Animatu eta etorri gurekin!