Bi egunetan ehun lagunetik gora elkarrekin ibili gara Huescako Pirinioetan zehar. Zaharrenek mende erdia soinean eta gazteenek eskutxo bateko hatzak nahikoa zituzten urteak kontatzeko. Larunbatean eta igandean egindako hogeita hamabi kilometroak ez ziren luzera berekoak suertatu guztientzat, horrelakoetan, ageri gelditzen baitira urtean zehar egindako “lanen ” fruituak. Dena den, eta ados egongo zarete nirekin, esperientzia honetatik jaso dugunak aise ordaintzen ditu gure nekeak.
Eguraldi ederra lagun, argazkietan ikusten diren paraje ikusgarrietan barrena eman genituen gure pausoak.
Lehenengo egunean Acheritoko aintziran izan ginen eta bertan igeri egiteko aukera ez genuen alperrik galdu. Batzuk Larralleko tontorra ere zapaldu zuten.
Bigarrenean, Lizaratik Somporterako bidea egin genuen, aspaldiko glaziarrek zizelkatutako aranetatik barrena. Zoragarria benetan “El Valle de los Sarrios” deituriko ingurua. Ikusgarriak elurtutako amildegietan sarrioen lasterketak eta jolasak. Estanes aintziran atseden hartu genuen eta bezperan baino jende gehiago ausartu ginen ur hotzetan sartzera.
Emozioak ez genituen mendian bakarrik bizi, probatu bestela “La Boca del Infierno” eta Lizarako aterperako bidea autobusean egiten. Txapela kentzeko moduko lana egin zuten Goierrialdeako gidariek.
Eta ezin bukatu gure petrikilo ofiziala bihurtu den Koro Aranetaren lana goraipatu gabe, batek baino gehiagok izan baitzuten bere trebetasunaren beharra.




