Igaro den asteburuan Pirinioetara abiatu ginen ekaina bukaeran egingo ditugun txangoaren ibilbideak egitera. Eguraldia lagun izan dugu eta bi irteeren ibilbide guztia bete dugu. Neguan egindako elurteak nabariak dira oraindik eta izugarrizko paraje politak utzi ditu: errekak gainezka, ur jauziak non-nahi, lorez betetako belazeak eta goi aldeetan oraindik elur pila. Joaten garenean oraindik zerbait zapalduko dugu. Acherito lakua oraindik zenbait puntutan izotzaz estalita dago eta goiko mendietako urtutako elurraz bete arren ura ona omen zegoen eta hirukotea sartu egin zen. Ona zegoela! Nik hankak sartu eta sentitu ere ez. En fin…

Eta ibilbideak zer? Ba betikoa, igandetan gurekin etorri zaretenontzat aproposak direla iruditzen zaigu, inongo zailtasun berezirik gabe. Hori bai, ez ahaztu Pirineoak direla eta noski! aldapa gogorrak edota malda kaskarrak ez daude faltan, bati baino gehiagori sufriarazteko, batez ere, beti diogun bezala, mendira joateko ohitura gutxi duzuen horientzat. Hala ere, ez dugu inor larritu nahi, gehiago kostatzen zaionaren pausora egokituko dugulako martxa.

Larunbateko ibilbidea, Acheritokoa, () zegoen bezala mantenduko dugu baino igandekoari aldaketa txiki bat egin diogu, izan ere, Estanes Ibonetik Candanchura doan bidean bi toki nahiko arriskutsuak ikusi ditugu eta ez gara hortik pasako. Beraz, Candanchura igo beharrean, Somportetik hurbil dagoen aparkalekura jaitsiko gara, ibilbideari hiru/lau bat kilometro moztuz. Lastima izan da, benetan ederra delako bertako baso eta errekak igarotzea, zirkoari buelta emanez.

Hechoko kanpinean egon ginen baita ere, eta dena prest utzi dugu. Gosariak eta afariak bi txandatan egingo ditugu eta mendira eramateko ogia bertan eskatuko dugu. Igerilekua irekita egongo da menditik bueltan erlaxatzeko (beste batzuk herrian erlaxatuko gara; bertan dago eta).

Beno, aipatu bezala ibilbideek ez dute aparteko zailtasunik, baino ona izango da urtean zehar hartutako forma ez galtzea. Horretarako eta txangoa ongi prestatzeko gonbidapen batekin gatozkizue: Bedaioko Martxa. Dagoeneko koadrila txiki bat osatu dugu eta nahi duenarentzat irekita dago. 25 kilometroko martxa ekainaren 14an ospatzen da eta Artubi da gailurrik aipagarriena. Hemendik Larrondo, Azkarate, Alegi bidean eta Bedaiora buelta. Iaz parte hartu genuen eta bueltatzeko gelditu ginen. Sei bat orduko ibilbidea luzea iruditu arren, erraz egiten da eta oso ondo dago antolatuta. Beraz, animatu eta joan nahi duzuenok larunbateko festan esan edo Liburutegitik pasa.

Eta ez ahaztu larunbatean, 11:30etan, Herri Kirolak ditugula frontoian. Ea Jakinsarokoen sasoia nabaritzen den…