Herri Urrats, iparraldeko ikastolen festara joateko aitzaki polita izan genuen azkeneko irteeran.
Joxemiel Barandiaranek hainbeste maite zuen Sara herrian, euripean eman genion Senpererako bideari hasiera. Ibilaldia eta goiza aurrera joan ziren heinean hego haizeak aise uxatu zituen lainoak eta azkenean aintzira inguruko haritz zaharren itzalean babestu beharrean izan ginen eguzki astunarengandik ihesi. Bainutxo bat hartzera animatu zirenak ere ikusi genituen. Beraz, festa giro ederrean eman genion bukaera 08-09 ikasturterako mendizaletasuna bultzatzeko prestatu genuen egitasmoari, argazkiak lekuko.
Iazko irailaren hogeita batean Jaizkibel mendian hasi genuen programak, gure inguruetako bazter eta txoko ugari ezagutzeko aukerak eskaini dizkigu ikasle eta guraso askori:
Urriak hamabian Mendukiloko leizean izan ginen, urriak hogeita seian Finalista egunean Orion, azaroak hamaseiean Aratzera igotzen saiatu ginen, azaroak hogeita hamarrean Lizarrustitik Aiara egin genuen, abenduaren hogeita batean Baio mendian, urtarrilak hemezortzian Murumendin, otsailak zortzian Auza Gazteluan, martxoak hogeita bian Ordiziako ibilaldian eta apirilak bostean Udalaitzen. Tartean, martxoaren hasieran, asteburu ahaztu ezina pasa genuen elurretan. Aurten ere aipatu beharrean gaude jendearen parte hartze handia.
Ekainaren azkeneko asteburuan Hechoko bailarara joatekoak gara eta ehun eta hamar lagunentzat ostatua eta garraioa lotuta ditugu. Hamabost egun barru ibilbidea behatzekotan gara, ea ordurako urtzen diren elurrak. Eguna iristen den bitartean zaindu sasoia.




