Lehengo igandean ez genuen suerte handirik izan eguraldiarekin, laino itxi batez inguratuta egin baikenuen ia igoera guztia. Eta metro batzuk baino haratago ikusi ezinik, ezin izan genuen Udalaitzeko tontorrak eskaintzen dituen bistaz gozatu. Hala ere, ez pentsa taldearen ohiko umorea eta jolasgura zapuztu zirenik.

Bestalde, ikasturtea azken txanpan sartua dugu eta mendizaletasuna sustatzeko programaren azken atalean gaude. Gure ikastolako lagun ugarik Herri Urratseko festan parte hartzen dugunez, aurten, azken mendi irteera eta Seaskako ikastolen festa uztartzea pentsatu ditugu.

HerriUrrats09
Hasiera batean, festara joan aurretik Aiako Harritik buelta bat egitea deliberatu bagenuen ere, hobeto pentsatu, eta orain Saratik Senpererako bidea oinez egitea erabaki dugu. Aste Santuko jai egunak aprobetxatuz ingurua behatu eta bi herriak lotzen dituen ibilbide zoragarria aurkitu dugu. Lapurdiko landa gozoetan barrena bi ordu eta erdi nahikoak dira zortzi kilometroko bide samur hau egiteko. Arratsaldeko seiak eta erdietarako Ordiziara itzultzeko asmoa dugu, beraz, egun osorako otordua eraman beharko da. Esan beharrik ez dago Herri Urratseko zirkuituan zehar hainbat aukera izango ditugula eztarria busti eta sabela asetzeko.

Maiatzaren 10ean, mendizaletasuna eta euskaltzaletasuna uztartuz gurekin etortzera konbidatu nahi zaituztegu, batez ere orain arte ausartu ez zaretenok, etorkizunera begira gure jarduerak ezagutzeko aukera paregabea izango baituzue eta.