Aurreko astea luze joan zitzaigun: eski-guneko, aterpeko eta garraio arduradunekin txangoaren azken xehetasunak lotu nahian, batzuk eguraldi iragarpenari begira; besteak, berriz, ze arropa eraman asmatu ezinik edo urduri lehenengo aldiz eskiak janzteko…
Ostiral gauean mezua: Jakan 15cm elur – oskarbi. Eta larunbat goizeko seietan, euri langarretan, ehun lagun baino gehiago elkartu ginen zintzo autobusetara igotzeko. Egunsenti iluna Iruñean, ateri eta bide bazterretan oinezko taldeak erromes Xabierrera. Ledean zerbait beroa hartu eta Esako urtegiaren ertza jarraituz, Aragoi ibarrean barrena galsoroak zuri zeuden ostadarraren azpian. Pirinioetako tontorrak zeruertzean, lainoak eutsi ezinean edo zulatu nahian? Batek daki! Jakan oskarbi zegoen, baina Canfrancdik gora laino, Candanchun eta Somporten, berriz, elurra atertu gabe.
-“Bon jour”, Blasen taldekoak gara, ehun eta hamar sarrera mesedez!
Eskiak nola lotu ere asmatu ezinik, lehenengo “ikastaroa” jaso eta pinudian gora eta behera sakabanatu ginen: haurrak ausart, helduak baldar. Txantxa, eroriko eta jolasen ondoren bazkari legea aterpean egindakoan berriro elurretara indarberriturik itzuli ginen goizean ikasitakoa praktikatzera. Bostetan berriro autobusera igo, aterpean ostatu hartu, arropaz aldatu eta tropelean Jakako alde zaharreko kaleetan zehar ibili ginen ardo batzuk hartuz; umeek bazuten oraindik baloiaren atzetik ibiltzeko kemena. Afal orduan sukaldaria ezinean, azkenean, ordu erdi beranduago denok mahaira, eta guraso batzuk zerbitzari. Hamaika eta erdietarako gautxoriak ere ohera neka-neka eginda.
Igandean esnatu orduko lehioak ireki eta zerua garbi, gosaldu eta berriro elurretara bidean mendi zuriei begira. Eguzki ederra lagun, bezperan baino hobeto moldatu ginen ametsetako inguruetan, guztiak trebe. Arratsaldean etxera, berriro itzultzeko ametsak eginez.





manu(e)k zera dio:
Zuena bai meritua!
2 days igaro da (dira) mezua idatzi zenetik.Gaur egungo gizartean, kasi bakoitzari berea bakarrik axola zaionean, ez da marka makala ehun eta gehiagoko taldea elkartu eta asteburuan horrelako giroa izatea. Zorionak benetan!
Beste gauza bat, jentilaren artikulua irakurri dudanean, bururatu zait, agian lanbidez aldatzeko aukera ere izan dezakela. Idazle bezala ere oso etorkizun oparoa ikusten diot nik.
jentila(e)k zera dio:
Manu, lanbide horretan ez nuke asko iraungo etxean ditudan hiru “kritikoen” laguntza barik,
errazago moldatuko nintzateke artzain belauneko!
Bestalde, benetan eskertzen ditugu astean zehar entzun ditugun txaloak.
Baina, azaldu beharrean nago, arrakastaren atzean ekintza hauetan parte hartzen duten guztien jarrera dagoela, lehengo mezuari egindako iruzkinean Iñakik dioen bezala.
Bi edo hiru lagunen lana ez da nahikoa horrelako egitasmoak aurrea eramateko. Taldearen lankidetzarako borondatea, esker ona, eta ilusioa ezinbestekoak dira. Guztion ekarpenen batuketak aurreko asteko bezalako fruituak ematen ditu.
Izpiritu hau esparru guztietara zabalduko balitz, beste txori batzuen kantuak entzungo lituzke gure gizarteak.
2 days igaro da (dira) mezua idatzi zenetik.