Eguraldi iragarpen txarra eta ordu aldaketaren erruz gaua motzagoa izateak ez gaitu atzeratu gaurko ibilaldian parte hartu dugun mendizaleok. Goizeko zortzi eta erdietan habiatu gara Plazatik bi ikastetxeetako haur eta gurasoek osatutako taldea Mendizale elkartekoen eskutik. Eguraldi ederra lagun, Lazkaomenditik barrena ibili gara Ataungo mugetara iritsiz eta lau ordu eta erdi behar izan ditugu hamabi kilometroko ibilbidea egiteko. Tartean, denbora izan dugu Ordiziako Mendizaleak elkartekoek eskaini diguten hamaiketako goxoa dastatzeko.
Hemendik gure eskerrik beroenak bidali nahi dizkiegu antolatzaileei eta urte askotan jarrai dezatela horrelaxe!
Irteeren ondorengo egunetan zain egoten gara Imanolek plazaratzen dituen bideo lanak ikusteko. Eta berria argitaratzen duen bakoitzean hobetu ezina iruditzen zaigu, “kosta behar zaio beste horrelako bat egitea!” pentsatzen dugu.
Somportekoa ekoiztu berria du eta kontu beretan gaude. Blogaren eskubian zintzilikatu duenari adjektiboak jartzea zuen esku uzten dut.
Urtero, udaberrian sartzean, Ordiziako Mendizaleak elkartekoek gure herriko inguruetan gaztetxoentzako ibilaldia prestatzen dute. Aurtengoa XLIV. izango da, eta gaur bertan ikusi ahal izan ditugu seguruenik guztietan parte hartu duten bi “gaztetxo” aitzurrean ibilbideko lokatzak kentzen, lastima argazki kamera soinean ez izatea, bejondeiela!
Gurasoak ere gonbidatuta gaude eta kukua ere urruti izango ez dugunez ez da ideia txarra izango bere lehenengo kantua entzuterako poltsikoak beteak izatea.
Eta ibilaldia herrian amaituko dela aprobetxatuz, berrogei bat lagunentzako bazkari bat prestatzeko asmoa dugu. Hori bai, antolakuntza dela eta, zenbat lagun izango garen, bai ibilaldian bai bazkarian, jakin nahi dugu eta eskertuko genizueke ostirala baino lehen Blasi izena ematea.
Bestalde, ekaineko irteeran parte hartu behar duzuenoi gogorazi nahi dizuegu datorren ostiralean arratsaldeko zazpietan Barrena Jauregian elkartuko garela bidaiari buruzko azalpen guztiak emateko.
Aurreko astea luze joan zitzaigun: eski-guneko, aterpeko eta garraio arduradunekin txangoaren azken xehetasunak lotu nahian, batzuk eguraldi iragarpenari begira; besteak, berriz, ze arropa eraman asmatu ezinik edo urduri lehenengo aldiz eskiak janzteko…
Ostiral gauean mezua: Jakan 15cm elur – oskarbi. Eta larunbat goizeko seietan, euri langarretan, ehun lagun baino gehiago elkartu ginen zintzo autobusetara igotzeko. Egunsenti iluna Iruñean, ateri eta bide bazterretan oinezko taldeak erromes Xabierrera. Ledean zerbait beroa hartu eta Esako urtegiaren ertza jarraituz, Aragoi ibarrean barrena galsoroak zuri zeuden ostadarraren azpian. Pirinioetako tontorrak zeruertzean, lainoak eutsi ezinean edo zulatu nahian? Batek daki! Jakan oskarbi zegoen, baina Canfrancdik gora laino, Candanchun eta Somporten, berriz, elurra atertu gabe.
-“Bon jour”, Blasen taldekoak gara, ehun eta hamar sarrera mesedez!
Eskiak nola lotu ere asmatu ezinik, lehenengo “ikastaroa” jaso eta pinudian gora eta behera sakabanatu ginen: haurrak ausart, helduak baldar. Txantxa, eroriko eta jolasen ondoren bazkari legea aterpean egindakoan berriro elurretara indarberriturik itzuli ginen goizean ikasitakoa praktikatzera. Bostetan berriro autobusera igo, aterpean ostatu hartu, arropaz aldatu eta tropelean Jakako alde zaharreko kaleetan zehar ibili ginen ardo batzuk hartuz; umeek bazuten oraindik baloiaren atzetik ibiltzeko kemena. Afal orduan sukaldaria ezinean, azkenean, ordu erdi beranduago denok mahaira, eta guraso batzuk zerbitzari. Hamaika eta erdietarako gautxoriak ere ohera neka-neka eginda.
Igandean esnatu orduko lehioak ireki eta zerua garbi, gosaldu eta berriro elurretara bidean mendi zuriei begira. Eguzki ederra lagun, bezperan baino hobeto moldatu ginen ametsetako inguruetan, guztiak trebe. Arratsaldean etxera, berriro itzultzeko ametsak eginez.

Hurrengo asteburuan, martxoaren 7an eta 8an elurretara goaz! 109 eskiatzaile elkartuko gara Zuhaiztian (Arboledan) goizeko 6etan autobusak hartzeko. Badirudi, bilera baten zain egon zaretela eta guk kale egin dugu. Ez dugu antolatu, lehenengo bilera egin zenetik ez dugulako ezer berririk kontatzeko. Hala ere, bilera hartan banatu genuen paperean, irteeraren zehaztasun guztiak jarriak egon arren, badaezpada ere (eta galduta baduzue) gogoratuko dizkizuegu:
Aipatu bezala, irteera martxoaren 7an, goizeko 6etan Zuhaiztitik egingo dugu. Buelta, martxoaren 8an iluntzean toki berean. Bi egunetako bazkaria eraman behar da, eski-estazioan bazkalduko dugulako, eta goiz irtetzen garenez, bidean ogia erosteko denbora izango dugu, Liedenan adibidez. Aipatu genizuen ere, Somporten kafetegia badagoela eta nahi duenarentzat bazkariak ematen dituztela, nahiz eta guk ez gomendatu. Afaria eta gosaria aterpetxean bertan egingo dugu.
Arroparekin ere zalantzak sortu dira. Ez eraman gehiegi. Eguraldi oso, oso txarra egiten badu ezingo dugu eskiatu (alternatibaren bat badugu), eta eguraldia portatzen bada arropa lodiak soberan izango ditugu iraupen-eskian aritzeko. Mendi irteeratan erabiltzen dugun arropa adibidez nahikoa da, eta ez ahaztu eskularruak, betaurrekoak eta eguzkitako krema. Garrantzitsua da eskiatzeko erabili behar dugun arropa etxetik jantzita eramatea, horrela ez dugu denbora galduko eta mendiko botak bakarrik elur-erraketak jantzi nahi dituenak eraman behar ditu. Azkenik, toallak eta izarak ez dira eraman behar. Bi eta hiru ohetako gelak dira, bakoitza bere bainu gelarekin.
Eskiak, botak eta makilak denontzat prest izango ditugu iristen garenean eta gehiegi ez nahasteko, hamarreko taldeetan sartuko gara guretzako propio utzitako gela batean. Baino honetaz ez kezkatu, dena ongi antolatuta dago eta.
Hau da guztia. Koadrilan elurretan bi egun primeran igarotzea da garrantzitsuena. Askorentzat lehenengo esperientzia izango da eta oroimen polita eramatea espero dugu.
Zalantzak izatekotan, aukera polita duzue iruzkinen bidez estreinatzeko; eta zalantzak ez badituzue ere, irteerari buruzko komentarioak egitea ere eskertuko genizkizueke.
Bestalde, ba dugu ekainean Hecho Bailarara egingo dugun irteeraren data: kurtso bukaera dela, dantzari txikia, eta abar, azkenean 26tik 28ra egingo dugu. Hurrengo astean banatuko ditugu apuntatzeko paperak eta eski irteeran egin dugun eran, bi autobus baino ez dugu jarriko. Zehaztasun gehiago emango dugu baino gogoak pizteko irteerak zeintzuk izango diren aurreratuko dizkizuegu: larunbatean Selva de Oza - Ibon de Acherito eta igandean Lizara aterpetxea - Valle de los Sarrios - Ibon de Estanés - Candanchu. Toki honetan, autobusa zain izango dugu etxera zuzenean itzultzeko.