Koadrila txiki bat abiatu ginen pasa den asteburuan Jaca eta Somport aldera, martxoaren 7an eta 8an egingo dugun elurretako txangoa al den hobekien antolatzeko asmoarekin. Eta ondo antolatzeko, martxoaren 7rako eta 8rako prestatu dugun plan bera jarraitu dugu: larunbatean goiz goizetik irten ginen zuzenean Somportera joateko eskiak probatzera, bazkaldu, berriro eskiak jantzi, Jacan afaldu eta bertako Unibertsitatean lo egin genuen. Igandean berriz, zortzietan jaiki ginen, bertan ondo gosaldu eta Somportera eskiatzera joan ginen. Eskiatu, bazkaldu, eskiatzera berriro eta iluntze aldera Ordizian ginen.
Eguraldia, hotza izan arren, lagun izan genuen bi egunetan eta elurra primeran zegoen eskiatzeko, gure profesionalei motel samar iruditu arren. Joan ginenen arteko baten batentzat elurra “azkarragoa” egon izan balitz…
Eramaten ditugun monitoreei buruz ba… zer esango dugu, Olinpiadak oraindik hiru urtetara daudela eta norbaitek parte hartzeko asmoa badu, hemen du aukera. Dominak garestiak egoten dira baina hauekin argi ibili.
Beno, antolaketa aldetik dena lotuta utzi dugu edo erdi lotuta. Eskiak alokatu ditugu eta denontzat daude. Sor daitekeen arazo bakarra gure artean materiala banatzea da, kontuan eduki 107 eskiatzaile goazela eta nahiko denbora beharko dugula denok behar den bezala pistatan aritzeko. Horregatik taldea multzoetan banatzen ari gara eta pazientzia piska bat beharko dugu denok botak eta eskiak jantzi arte. Estazioko gela bat utzi behar digute bi egunetan erabiltzeko eta gure asmoa da material guztia gela horretan zenbatuta jartzea. Bakoitzari bere zenbakia emango diogu eta hamarreko taldeetan sartzen joango gara. Botak jantzi, eskiak hartu eta goian zain egongo gara laguntza behar duenari laguntzeko. Hortik aurrera barra librea!
Joaterakoan gauza bera baina alderantziz: botak aldatu eta bakoitzak eskiak utzi behar ditu hartu dituen tokian igandean berriro hartu ahal izateko.
Jacan berriz ez da inongo arazorik izango. Unibertsitateko gelak bi edo hirukoak dira, bakoitzak bere bainugela dauka eta afaltzeko gu bakarrik gaude. Afaldu aurretik eta ondoren alde zaharra bertan dugu “paseotxo” bat emateko.
Eta beste gauza bat. Eskiak alokatzeko oinen zenbakiak eskatu genizkizuen, baina honek bakarrik botak hartzeko balio du. Eskiak eta bastoiak eskatzeko bakoitzaren altuera behar dugu. Ez harritu beraz, igande honetan Imanol eta Mikel metro banarekin ikusten badituzue Murumendiko irteeran: jendeari neurriak hartzeko da. Murumendira joan behar ez duena, Liburutegitik pasa dadila neurriak emateko.