Dakizuen bezala, otsailaren 28rako eta martxoak 1erako mendi irteera berezi bat antolatzen ari gara, eta aspaldiko kontua bada ere, orain gutxi arte, ezin izan ditugu gauzak behar bezala lotuta eduki.
Asmoa, Somport eski-estaziora joatea da elurretan asteburua pasatzea. Larunbateko gaua bertan pasa behar dugunez, Jakako eskola batzuetan tokia hartu dugu. Eskola hauek, neguan aterpetxe bezala funtzionatzen dute eta tamaina ezberdinetako gelak dituzte.
Helburua, aipatu dugun bezala, koadrilan elurretan eguna pasatzea da eskiatzen dakiena eta ez dakigunorentzat ere. Azken hauetako baten bat animatzen bada (gehienak espero dezagun) baditugu taldean irakasle finak, gutxienez, eski gainean tente egoten erakusteko prest.
Asuntoa zera da: Izabako irteeraren esperientzia ikusita eta jende asko espero dugunez, astelehenetik aurrera izena emateko epea zabalduko dugu. Lehenengo taldea, autobus bat betetzen denean, osatuko da eta beste bat betetzeko adina jende apuntatzen bada, bigarrena ere osatuko dugu.
Apuntatzeko epea hil honen 30ean, Lizarrusti-Aia irteeran amaituko da eta hortik aurrera ez dugu inor gehiago onartuko. Izan ere, autobusa hartu behar dugu, eskiak edo raketak alokatu, lo egiteko tokia hartu… eta hau ezin daiteke azken momentu arte utzi.
Antolatzeko garaian, Izabako sistema bera erabiliko dugu, hau da, apuntatzen den mendizale guztiekin bileratxo bat egingo dugu zehaztasun eta aholkuak eman, zalantzak argitu, eta diru-sarrerak nola egin adosteko.
Plana oraindik ez dugu erabat zehaztu baino gutxi gora behera hauxe izango da: larunbatean goiz-goizetik Somport aldera abiatuko gara eta alokatutako materiala jaso ondoren eguerdira arte elurretan ibiliko gara. Bertan, bakoitzak emandako janaria bazkaldu eta berriro elurretara. Iluntzean, Jakako aterpetxean afalduko dugu eta afaldu ondoren bakoitzak nahi duena egin dezake. Kanguroa duenak, ba hori… Jakan garai horretan kriston giroa egoten da. Hurrengo goizean, txintxo eta hain txintxo ibili ez den jende guztiarentzat esnagailuak goiz joko du. Jaiki, gosaldu, gauzak jaso, autobusa hartu, eta berriro elurretara; eta bazkaldu ondoren Ordiziara.
Izen ematea Blog-en bidez edo liburutegian bakarrik izango da. Azkenik, zehatz-mehatz oraindik ez dakigun arren, kalkulatzen dugu pertsona bakoitzak 70/80 bat euro ordaindu beharko duela.




