Lainoa eta langarrarekin kikildu gabe, ilusioz eta indarrez ekin zioten ibilaldiari gure gaztetxoek. Baina, azkenean, Aratzeko gailurretik gertu buelta hartu behar izan genuen haizea eta hotzaren ondorioz.
Tira, beste batean izan beharko du, etxera onik itzultzea baita garrantzitsuena. Hala ere, ibilaldiaz asko gozatu genuen basoa oso polita baitzegoen, eta Araia eta bere ingurua ezagutzeko denbora gehiago izan genuen.
Ez zen horretan bukatu kontua, Ordiziara itzulitakoan Hagapeko Elkartean Jose Luisek prest baitzeukan guretzat bazkari goxoa . Umeak bazkaldu orduko altxatu ziren zinemara edo jolasera joateko, eta helduok ez dakit nekea edo sagardoaren ondorioz dezente luzatu zen mahi ingurua aprobetxatuz karta jokoetan , edo, gure taldearen jardueraz “serio-serio” eztabaidan aritu ginen. Bigarren kafearen inguruan sortu ziren proposamenak hobe ez aipatzea ere, bestela bertsoak aterako dizkigute eta !
Dakizuen bezala, otsailaren 28rako eta martxoak 1erako mendi irteera berezi bat antolatzen ari gara, eta aspaldiko kontua bada ere, orain gutxi arte, ezin izan ditugu gauzak behar bezala lotuta eduki.
Asmoa, Somport eski-estaziora joatea da elurretan asteburua pasatzea. Larunbateko gaua bertan pasa behar dugunez, Jakako eskola batzuetan tokia hartu dugu. Eskola hauek, neguan aterpetxe bezala funtzionatzen dute eta tamaina ezberdinetako gelak dituzte.
Helburua, aipatu dugun bezala, koadrilan elurretan eguna pasatzea da eskiatzen dakiena eta ez dakigunorentzat ere. Azken hauetako baten bat animatzen bada (gehienak espero dezagun) baditugu taldean irakasle finak, gutxienez, eski gainean tente egoten erakusteko prest.
Asuntoa zera da: Izabako irteeraren esperientzia ikusita eta jende asko espero dugunez, astelehenetik aurrera izena emateko epea zabalduko dugu. Lehenengo taldea, autobus bat betetzen denean, osatuko da eta beste bat betetzeko adina jende apuntatzen bada, bigarrena ere osatuko dugu.
Apuntatzeko epea hil honen 30ean, Lizarrusti-Aia irteeran amaituko da eta hortik aurrera ez dugu inor gehiago onartuko. Izan ere, autobusa hartu behar dugu, eskiak edo raketak alokatu, lo egiteko tokia hartu… eta hau ezin daiteke azken momentu arte utzi.
Antolatzeko garaian, Izabako sistema bera erabiliko dugu, hau da, apuntatzen den mendizale guztiekin bileratxo bat egingo dugu zehaztasun eta aholkuak eman, zalantzak argitu, eta diru-sarrerak nola egin adosteko.
Plana oraindik ez dugu erabat zehaztu baino gutxi gora behera hauxe izango da: larunbatean goiz-goizetik Somport aldera abiatuko gara eta alokatutako materiala jaso ondoren eguerdira arte elurretan ibiliko gara. Bertan, bakoitzak emandako janaria bazkaldu eta berriro elurretara. Iluntzean, Jakako aterpetxean afalduko dugu eta afaldu ondoren bakoitzak nahi duena egin dezake. Kanguroa duenak, ba hori… Jakan garai horretan kriston giroa egoten da. Hurrengo goizean, txintxo eta hain txintxo ibili ez den jende guztiarentzat esnagailuak goiz joko du. Jaiki, gosaldu, gauzak jaso, autobusa hartu, eta berriro elurretara; eta bazkaldu ondoren Ordiziara.
Izen ematea Blog-en bidez edo liburutegian bakarrik izango da. Azkenik, zehatz-mehatz oraindik ez dakigun arren, kalkulatzen dugu pertsona bakoitzak 70/80 bat euro ordaindu beharko duela.

Arabako lurretan, Aizkorri mendi katean kokatzen da gure hurrengo helburua.
Zalduondoko Zumarraundiko ordekan utziko gaituzte autobusak eta udazkeneko kolorez jantzitako basoan barrena egingo dugu Askosaroiko leporaino. Handik aurrera, pagadia atzean utziz aldapa gogor bati ekingo diogu eta lau haizeetara zabalduko zaigun ikuspegiak ondo sarituko dizkigu igoeraren nekeak. Euskal Herriko mugak baino haratago luzatzen den zeruertzari so hamaiketakoa egingo dugu gailurrean, Araian bukatuko dugun biderako indarrak berreskuratzeko.
Morutegi gazteluaren aurriak Araia bidean
Ibilaldi honek aurrekoak baino zailtasun gehiago ditu, aldapa gogorragoak, eta bidea luzeagoa. Nahiz eta duela hiru urte ikastolako mendizaleok bertan izan eta oso ondo moldatu, baditugu oraingoan kontuan artu beharrekoak:
Taldea izugarri handitu zaigu. Orduan halako hiru joaten gara ikastolako mendi irteeratara eta asko moteltzen da abiadura.
Arrazoiak asko dira.
-Langa edo oztopo bat pasatzen denbora gehiago behar dugu 120 lagun garenean 50 garenean baino.
Mendian hasi berriek nekezago jarraitzen digute eta taldea asko luzatzen dute.
Batzuk ez gara jabetzen ordutegi bat bete beharrean gaudela eta edozer gauzarekin arreta galdu eta denbora pasatzen dugu. Nahiz eta guk oso ondo pasatu autobusetako gidariak lanean ari dira eta bere orduan bukatu nahi dute lana.
Pozez eta besoak zabalik hartzen zaituztegu gurekin etortzen zareten guztiak, baina, hainbeste izanik ezin bestekoa dugu guztien arteko lankidetza, arazoak ekiditeko.
Udazkena haurrera doan heinean eguraldia geroz eta aldakorragoa bihurtzen ari zaigu eta egun zoragarri bat une batetik bestera trakestu lezake.
-Mendian gabiltzanok ondo dakigu horren berri, behin baino gehiagotan nozitu behar izan baitugu ondorioak. Ez nabil inor beldurtu nahian, bai ordea jendeari zentzuz joka dezan eskatzen. Hemendik aurrera, eta maiatza ondo pasa arte, kapela, eskularruak, beroki on bat, oinetako egokiak eta batez ere aterkia ezinbestekoak dira gure morraletan, nahiz eta etxetik eguzkitan atera. Gogoratuko zarete zer eguraldiarekin atera ginen Ordiziatik Mendukilora joan ginenean, eta zer giroa aurkitu genuen oinez astekoan, eskerrak laster atertu zuen…
Gure partetik, irteerak antolatzean aipatu ditudanak oso kontuan izaten ditugu eta ahaleginak egiten ditugu irtenbide egokiak bilatzen.
Inor ez dezala etxean gelditu eguraldia edo ibilbideko neke eta oztopoen beldurrez. Eguraldi txarra suertatuz gero beti izaten dugu kolkoan gordeta ordezko ibilaldi bat, baita jarraitu ezin gaituztenentzat..Hain zuzen, Aratzeko tontorrera igo gabe Askosaroitik zuzenean Araiara joateko aukera ere izango dugu .