Hasi dugu denboraldia, eta ondo hasi ere. Hondarribi aldean 108 mendizale elkartu ginen eta hori ez dago batere gaizki. Martxa horretako Jentilak jarritako argazkiak ikus ditzakezue beheko albistean. Zuek ere argazki politak badituzue jarri gurekin harremanetan eta zintzilikatuko ditugu.
Lehenengo martxa burutu ondoren bigarrena dator. Kostaldea utziko dugu eta iaz bezala, bigarren honetan ere lur azpiko sekretuetan murgilduko gara. Hirugarrenean aldiz, zertxobait gogortuko dugu eta mendi puntak ukitzen hasiko gara. Hori hurrengoa. Oraingo honetan, urriaren 12an Iribasko Larraun errekaren sorlekura joango gara. Bertako kareharriaren karstifikazioaren medioz Larraun erreka behin eta berriz bersortzen da, fenomeno ikusgarria erakutsiz. Nafarroako “Guadiana” deitzen diote. Bost kilometroko ibilbidea egin ondoren Mendukilo kobazulora abiatuko gara. Ordu beteko bi hitzordu adostu ditugu kobazuloa ikusteko. Sarrerak 5 euro balio du eta bisitaldia gidatua da. Arropa eraman behar da, barruan 8-10 gradutan egongo garelako.
Izena lehenbailehen ematea komeni da bisitaldiak ixteko, beraz, ea urriaren 3rako dena prest dugun.
Azkenik, Bukaerako elkarte batetan bazkaria antolatzeko enkargua eman digute. Zenbat garen jakitea gustatuko litzaiguke. Iruzkinak bidal ditzakezue apuntatzeko. Hemendik aurrera, piskanaka bada ere, hori izango da bidea egiten ditugun irteeraren ondoko bazkariak antolatzeko. Elkartean, tokia hartzeko jakin behar dugu zenbat garen eta ez igandean bertan esanda.
Egutegian, ibilaldi hau egiteko urriaren 19rako jarri genuen. Ez ginen konturatu data horretan Nafarroa Oinez ospatzen dela. Aldaketa honekin Iruñara joateko gonbitea luzatzen dizuegu. Jaso Ikastolak eskertuko dizue.