Joan den aste bukaeran burutu genuen hainbeste denboran zain egon garen irteera. Azken egunera iritsi arte eguraldiak nahiko kezka eragin zizkigun, baina zorionez bikain portatu zitzaigun. Larunbatean, denok igo ginen Kartxelara, batzuek erraz eta beste batzuek ez hain erraz, baina tontorrean guztien aurpegietan poza besterik ez genuen ikusi. Aurreikusia genuen bezala, igandean lortu genuen Arlas mendira igotzea. Askorentzat lehenengo 2.000koa zen eta bezperan bezalaxe gailurrera iristean berehala ahaztu zitzaizkigun igoerako nekeak.
Garaiz itzuli ginen San Martinera eta bazkaldu ondoren, Burgin, Eska ibaian bainutxo bat hartzeko astia ere izan genuen. Ondoren, etxerako bidean, Arbaiungo arroilan bisitan izan ginen.
Hiru egunetan bizi izan dugun giroa azpimarratu nahi nuke, eta ez naiz eguraldiaz ari, talde barneko harremanaz baizik. Oso momentu politak bizi izan ditugu elkarrekin eta hurrengo txangoarekin amesten hasiak gara dagoeneko.

KARTXELAKO MAPA