Joan den aste bukaeran burutu genuen hainbeste denboran zain egon garen irteera. Azken egunera iritsi arte eguraldiak nahiko kezka eragin zizkigun, baina zorionez bikain portatu zitzaigun. Larunbatean, denok igo ginen Kartxelara, batzuek erraz eta beste batzuek ez hain erraz, baina tontorrean guztien aurpegietan poza besterik ez genuen ikusi. Aurreikusia genuen bezala, igandean lortu genuen Arlas mendira igotzea. Askorentzat lehenengo 2.000koa zen eta bezperan bezalaxe gailurrera iristean berehala ahaztu zitzaizkigun igoerako nekeak.
Garaiz itzuli ginen San Martinera eta bazkaldu ondoren, Burgin, Eska ibaian bainutxo bat hartzeko astia ere izan genuen. Ondoren, etxerako bidean, Arbaiungo arroilan bisitan izan ginen.
Hiru egunetan bizi izan dugun giroa azpimarratu nahi nuke, eta ez naiz eguraldiaz ari, talde barneko harremanaz baizik. Oso momentu politak bizi izan ditugu elkarrekin eta hurrengo txangoarekin amesten hasiak gara dagoeneko.
KARTXELAKO MAPA

Hurrengo ostiralean, hilaren 13an, Barrena Kultur Etxean, bilera antolatu dugu arratsaldeko 8etan. Gai batzuk ditugu jorratzeko eta aproposa iruditu zaigu bilera antolatzea zenbait gauza adosteko.
Taldeak eginda daude, eta gelditu diren bezala banatuko ditugu. Gelditzen den astean zehar norbaitek aldaketak egin nahi baditu denbora soberan dauka egiteko. Kanpinera ailegatzen garenean dena erabat antolatuta egon behar da gauzak ez nahasteko. Asko gara eta.
Bilera ere aprobetxatuko dugu, zer eraman behar den aholkatzeko. Izan ere, batzuk etorri dira galdezka eta zerrenda prestatzen ari gara. Ezin ahaztekoa da bi egunetan mendian bertan bazkalduko dugula eta bakoitzak berea eraman behar du. Kanpinen erosteko ere aukera egongo da (ogia eta abar). Gosariak eta afariak kanpinen egingo ditugu. Lo-zakuak ez dira eraman behar denontzako izarak hartu ditugulako. Eguraldia aldakorra dagoenez, babes-arropa eramatea aholkatzen dizuegu. Ibilbidean ur gutxi aurkituko dugu, beraz kantinploraz ondo hornitu. Botak, zapatilak, txanglak, toailak,…beno bileran elkar ikusiko dugu eta denon artean zerrenda osatuko dugu.
Laburrean:
Irteera: ostiralean, 20an, arratsaldeko 6etan Arboledatik.
Buelta: igandean, 22an, gaueko 9ak aldera Arboledan.
Larunbatean Kartxela mendira joango gara egun pasa.
Igandean Arlas mendia igoko dugu. Mendi honek 2000 metro dituenez, lehenengo aldiz altuera hori lortzen duzuenok ez ahaztu txanpan botila eramatea, ohiturak agintzen duen legez.
Bi irteera horiek eguraldi ona badugu egingo ditugu, bestela alternatiba bezala, beste ibilbidea prestatu dugu: kanpin bertatik Zurizara eta hortik Linza mendi-aterpera.
Jakintza Ikastolako Mendi Taldea