Gure inguruan aukera paregabea dugu mendizaletasunaz gozatzeko. Etxe ataritik hasi ditzakegu hainbat txango, edo, ikaragarri zabal dezakegu esparrua kotxez kilometro batzuk eginez. Geroz eta jende gehiago gabiltza mendian, jaiki, Jaka aldean gosaldu, Pirinioetako tontor batera igo eta afaltzera etxera itzultzeko ere gauza gara. Erlojuaren menpe, inguruari erreparatu ere egin gabe eta diosala bat eskaintzeko denborarik ere ez duten “Abiadura Handiko Mendizaleak” geroz eta ugariagoak dira.

Gazteagoak ginela, hala moduz moldatu behar izaten genuen etxe ingurutik urruntzeko. Igande goizetan, Fray Andresen estatuaren parean, autobusa hartzen genuen Larraitzera igotzeko, eta itzultzeko berriz, ez genuen arazorik izaten, ongi funtzionatzen baitzuen hatza erakusteak. Zegamako Ortzautera trenez joaten ginen, San Adrianetik Aratz edo Aizkorrira igotzeko. Lizarrustiko Isabel bentan zenbat mus partida jokatu ote genituen La Estellesaren zain?
Gaur egun, kotxea erosoa suertatzen zaigu edozein tokira iristeko, baina, bere morroi ere bihurtzen gaitu, utzitako tokira itzultzera behartzen baikaitu. Garraio publikoa erabiltzeak ibilaldiak toki batean hasi eta beste batean bukatzeko aukera ematen digu.
Aukera honetaz baliatuz, goiz batean burutu dezakegun Lizarrustitik Amezketarainoko ibilaldia proposatu nahi dizuet. Aralarko tontor batera edo bestera igotzeko, edo, patxadan eta presarik gabe inguruaz gozatzeko aprobetxatzen baduzue, egun osora ere luzatu dezakezue.
La Estellesako autobusaz baliatuko gara Lizarrustira joateko, eta Amezketatik Alegiara edo Tolosara LURRALDEBUSeko autobusak eramango gaitu, bertatik RENFEren trenaz etxera itzultzeko. Horrela esanda, dezenteko saltsa dirudi, baina, nik azkenekoz itzuli hau egin nuenean, arratsaldeko 3:30etan etxean nengoen, lasai asko eta presarik gabe ibilita.
La Estellesa goizeko 8ak aldera Donostiatik irten eta herriz herri geldialdiak eginez, Lizarrarainoko bidea egiten du Lizarrustitik igaroz. Bada ez bada, aurretik ziurtatu ordutegiak.
Ordiziako Garagartza plazako geltokian 8:45 inguruan izango dugu eta ordu erdi bat beranduago Lizarrustiko Isabel Benta zegoen tokian utziko gaitu.

  • 9:15 -0:0 - Lizarrusti- Etxarrira doan errepidea jarraitu behar dugu , garai bateko QUIFOSA fabrikaren aurriak pasatu eta 200 bat metrotara, errepidean ezkerraldean ipar aldera jotzen duen pistara iritsi arte.
  • 9:30 -0:15 - Pista jarraituz fabrikaren gainetik pasako gara l eta hemendik aurrera aldapa gogortu egiten da basoan barrena altura irabaziz. Laster, Erdontzegi inguruan, mendebaldera begiratuz Aizkorri eta Aratz ikusiko ditugu eta ipar aldera Aralarko tontorrak.
  • 10:15 -0:45 –Langa bat pasa ondoren pista bitan banatzen da eta eskuinekoa hartuko dugu .
  • 10:30 -1:00 – Bidegurutze batera iristean ezkerreko bidea jarraitu. Putterrira igotzeko aprobetxatu nahi izanez gero, eskuineko bideak 20 bat minututan jarriko gaitu puntan eta gero Kalelantegiko lepoan Igaratzako bidearekin bat egingo dugu.
  • 10:36 -1:06 – Bidearen azpialdean 30 bat metrora Etaioko iturria dago.
  • 10:45 -1:15 - Kalelantegiko lepoa ( alt.1190m.) Hemen aukera polita dugu Putterriko gailurra egiteko. Ordu laurden batean igo dezakegu harri piloen arrastoa jarraituz. Lur azpiko pasabide bat ere igaro beharko dugu. Ipar-Ekialdera jarraituz laster aterako gara basotik eta aurrean azalduko zaizkigu Errenaga mendia eta Aralarko puntak; Intzako Dorrea edo Irumugarrieta , Aldaon, Pardarri, Ganboa, eta Uarrain. Lurreko arrastoak jarraituz Larretxiki eta Urrustatsoko txabola erorien arteko harratea pasatuz, Saltamuinoko lepotik Gipuzkoako lurretako basoan berriro sartuko gara.
  • 11:10 -1:40 – Errenagako txabolak.(alt. 1201m.) Ermita bat eta lau aterpe daude. Hauetako bat librea da; txikia eta txukun egoten da. Aralarko Adiskideak ere badute berea eta beste biak (porlanezko eraikuntza itsusiak) gehienetan itxiak egoten dira. Iturri bat ere badago. Atsedena hartu ondoren, txaboletara datorren pista jarraituko dugu ipar aldera ordeka handi baten barrena.
  • 11:25 -1:55 – Igaratza. Inguruan, megalito ugari daude eta Aralarko Adiskideak jarritako leku-adierazle bat bide erdian. Nahi izanez gero, hemendik erraz igo dezakegu Irumugarrietara, Aldaonera edo Pardarrira. Igaratzako harratea pasa ondoren, Alpetar itsura duen Arritzagako aranean sartuko gara.
    Kristo aurreko 80.000 eta 8.000 urteak bitartean iraun zuen Würm glaziar aroan, Aralarko tontorrak urte osoan elurrez estaliak zeuden. Urteak joan eta urteak etorri Aldaon (1.410 m.), Intzako Dorrea (1.430 m.), Pardarri (1.395 m.) eta Ganboko (1412 m.) magaletan pilatutako elurrek, 4 edo 5 kilometroko luzera eta 100 eta 200 metro arteko zabalera zuen glaziarra elikatzen zutela uste dute geologoek, Igaratza inguruan hasi eta ia Amezketa iritsiz. Izotzak urtu ziren, eta orain, urak, poliki-poliki arana sakontzen jarraitzen du.
  • 12:30 -3:00 - Izotzak eta urak sortutakoak ez diren orbanak ere baditu Arritzagako ibarrak : XVIII. mendearen
    hasieran, Buruntzusin inguruan, gizakia mendia zulatzen hasi zen. Berrehun lagun baino gehiagok lan egiten zuten zink, berun eta batez ere kobre bila, 1904an mehatzeak itxi zituzten arte.
    1940an, alemanak, berriro martxan jarri zituzten minak eta haiek alde egin zutenean, minerala jaisteko funikularraren altzairuzko sokak, gurpilak eta makinak herdoilaren bazka bihurtu ziren eta minatako langileak erabilitako barrakoiak orain artzain txabolak dira.
    Minak atzean utziko ditugu eta berehala bidea trakestuko zaigu Aitzelo ( alt. 845 m.) parajean. Elurrak urtu edo eurite handi baten ondoren urak hazten direnean jauzi ikusgarriak sortzen ditu errekak, eta zaila egiten zaigu etxetik hain gertu gaudenik pentsatzea.
  • 13:00 -3:30 – Anduitzeko borda alboan utziz, izen bereko harkaitzaren azpian pasako gara.
  • 13:15 -3:45 – Beotzaa. Egurrezko zubi gainetik errekaren beste aldera pasatuz pista batekin topo egingo dugu. Hemendik aurrera pista beherantz jarraitu beharko dugu Amezketara iristeko.
    Pistak gogoko ez baditugu, zubitik berrehun bat metrotara eta bidearen eskuinean dagoen borda baten azpialdean hasten den harbide zahar bat jarraitu dezakegu. Ez dago markatuta, lokatza eta sasiren bat ere izango dugu bidean, baina senari jarraituz laster pasako gara Pernandoren jaiotetxearen ataritik, eta ordurako Amezketa begi bistan izango dugu.
  • 13:45 -4:15 – Amezketa.

Ibilaldi honetaz gozatzeko aukeratu ezazue eguraldi oneko egun bat eta noski zalantzaren bat baduzue idatzi eta gustura emango dizkizuet argibideak.