KARTXELA

Izabarako irteera eguna gerturatzen ari zaigula eta, atzo, bertara inguratu ginen ibilaldiak prestatzeko, Aste Santuan baino suerte handiagoarekin, eguraldi primerakoa egin bai zigun. Kartxela mendiko bidea aztertzeko aprobetxatu genuen eta oso egokia iruditu zitzaidan ikastolako taldearekin egiteko.
Igoera aldapatsua da, baina urtean zehar gurekin etorri zaretenok ez daukazue zertan kezkatu beharrik. Konparaketa egitekotan, gure Txindokiren igoeraren antzekoa dela esango nuke. Mendiak 1.982m. ditu eta bidea 1.100 metrotara dagoen Juan Pitoko bentan hasten da pagadi eder bat zeharkatuz. Altuera hartu heinean, pinuek hartzen dute pagoen lekua eta azkenean harkaitzak eta larreak bihurtzen dira malkorren jabe. Atzo, zenbait tokitan elurra zegoen, baino, ipar aldeko aran hezeetatik eta Bardeetako ordeka lehorretatik etorriko diren artaldeek laster hartuko dute aren tokia.
Tontorretik, bistak izugarriak dira, Orhi mendia mendebaldera, Kakuetako arroila ipar aldera, Auñamendi edo Anie, Hiru Erregeen Mahia, Petrechema , Midi d’Ossau ekialdera eta Erronkariko ibarra hegoaldera.
Beraz, eguraldia lagun, ekainaren 21an Kartxelara joango gara eta berotzen hasteko hementxe dituzue bertako argazki batzuk.