Negu atipiko baten ondoren, udaberri tipiko batean murgildu gara. Mendi punta zurien eta laino beltzen gainetik, eguzki epela dugu kurika. Jertsea jantzi orduko enbarazuan; erantzi, eta beharrean, eta aterkiarekin berdin. Martxoko elur eta euriei esker, menta, goroldio eta orbel ustelaren usain heze eta gozoa zabaldu da basoan. Esnatu dira errekak, eta txorien kantuekin nahasten dira salto eta jolasean doazen uren algarak. Soroak loratu dira eta hosto berria badoa mendian gora, artzainen aurretik.
Orbel artean neguari iraun dioten ezkurrek zabaldu dituzte lehen bi adartxo hosto bakarrak, etorkizuneko itzalaren zutabe. Altsasu aldean irakaskuntzan diharduen, eta gure ekintzetako partaide den Age Maizaren eskutik ernatu den blogak ere zabal dezala bere itzala Euskararen mintegian.



